Zestoako Arazi IKTk eta Agiro mendi klubak atzo, astelehena, zabaldu zuten Kobaz Koba Trail mendi lasterketarako izen-ematea, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko saldu dituzte dortsal guztiak, eta itxaron zerrenda ere bete egin da; hau da, guztira 600 pertsonak eman dute izena lasterketarako, eta beste ehun daude itxaron zerrendan.
Parte hartzaileei dagokienez, Urola bailarako 300 lagun baino gehiagok eman dute izena, eta Euskal Herritiko hainbat txokotatik ez ezik, Espainiatik ere etorriko dira proba jokatzera, hala nola Kantabriatik eta Madrildik, baita Galiziatik ere.
"Izen-emateetatik jaso dugun erantzunak poz handia eman digu, eta gogoz betetzen gaitu
lanean jarraitzeko", esan dute antolatzaileek. Haiek azpimarratu dute datorren urteko otsailaren 12a "naturaz eta kirolaz gozatzeko egun handia" izango dela –egun horretan jokatuko dute proba–.
Datorren edizioan "hobekuntzak eta berrikuntzak" izango direla aurreratu dute antolatzaileek, baina ibilbidea aurreko urteetako berbera izango da, eta irteera zein helmuga Zestoako plazan izango dute korrikalariek. Lasterketaren inguruko datu orokorrak nahiz araudia www.kobazkobatrail.com atarian aurkitu ahal izango dituzte izena eman dutenek. Era berean, inork proban lagundu nahi badu, info@kobazkobatrail.com helbidera idatz dezake.