Hilaren 14an zabalduko dute Kobaz Koba Trail mendi lasterketarako izen-ematea

Ane Olaizola 2022ko azaroaren 8a

Datorren astelehenean, korrikalariek 12:00etatik aurrera izango dute inskribatzeko aukera, 'www.kirolprobak.com' webgunean. Antolatzaileek gogoratu dute aurreko urteetan "ziztu bizian" amaitu izan direla dortsalak. Otsailaren 12an jokatuko dute mendi lasterketa.

Zestoako Arazi IKTk eta Agiro mendi klubak urria amaitzerako iragarri zuten Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren 2023ko edizioa otsailaren 12an egingo dutela, eta gaur, asteartea, jakinarazi dute datorren astelehenean, hilaren 14an, zabalduko dutela han lehiatzeko izen-ematea. Parte hartzaileek egun horretako 12:00etatik aurrera izango dute inskribatzeko aukera, www.kirolprobak.com webgunean. Antolatzaileek gogoratu dute aurreko urteetan "ziztu bizian" amaitu izan direla dortsalak.

Ohiko moduan, izena ematen dutenek bi ibilbide izango dituzte aukeran: 15 kilometro dituen Artzei bidea eta Zaldei ibilbidea, 25 kilometrotakoa. "Kobaz Koba Trailen benetako gogortasuna bizi nahi dutenen aukera izango da hori", esan dute antolatzaileek. Proba bakoitzean, gehienez, 300 korrikalarik parte hartu ahal izango dute, eta ez dago federatuta egon beharrik lasterketan izena emateko.

Mendi lasterketan lehiatzen direnek "beharrezko zerbitzu guztiak" izango dituztela adierazi dute Arazi IKTk eta Agiro mendi klubak: kronometraje zerbitzua, txip bidezko neurketa, arropa biltegi zerbitzua, dutxa zerbitzua, koba txikiko pasagunean eta helmugan korrikalari guztiei bakarkako argazkia egiteko zerbitzua, eta lasterketa ondorengo hamaiketakoa. Era berean, partaide bakoitzak korrikalariaren poltsa jasoko du, aurtengo kamisetak eta babesleek eskainitako hainbat produktuk osatua.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide