Piaspe proiektuaz herrian "gogoeta estrategikoa" egin behar dela uste du Zestoako Udal Gobernuak

Julene Frantzesena 2022ko azaroaren 7a

Ostiraleko batzar informatiboa "ahalduntzeari eta gogoeta estrategikoaren prozesuari ekiteko abiapuntua" izan zela uste du Udal Gobernuak, eta prozesu hori abiatzeko apustua egingo duela esan du. Piaspe proiektuari buruzko informazio "mugatua" duela eta gaur-gaurkoz esku artean dituzten datu "urriekin" proiektua "ezin" dutela babestu esan dute Udal Gobernuko ordezkariek.

Zestoako Udal Gobernuak Piaspe proiektuari buruzko azalpenak emateko batzarra egin zuen joan zen ostiralean, eta bilkuraren balorazioa egiteko oharra kaleratu du gaur. Erakundeak eskerrak eman dizkie batzarrera joandako herritarrei, haiek erakutsitako "interesagatik eta partekatutako iritzi eta ikuspegi desberdinengatik". Izan ere, Udal Gobernuaren arabera, hori da "beharrezkoa den ahalduntzeari eta gogoeta estrategikoaren prozesuari ekiteko ezinbesteko puntua". EH Bilduren Udal Gobernuak uste du gaiak epe labur, ertain eta luzeko lanketa behar duela, eta hori herritarrekin egin behar dela, "ikuspegi desberdinak bateratuta eta denen ahalduntzea helburu izango duen prozesua abitatuta".

Mikel Arregi Zestoako alkateak ostiralean azaldu zuenez, parke eolikoen gaiak energiarekin ez ezik, klima aldaketarekin, gizartearen ongizatearekin, kontsumo ohiturak aldatzeko beharrarekin eta planetako izaki bizidunen iraupenarekin du zerikusia. Horregatik, Udal Gobernuak uste du gaia ez dela egun batetik bestera ebazteko modukoa: "Kontuan hartu behar da Piaspe proiektua hastapenetan dagoela –beharrezko azterketak egin gabe daude, eta martxan jartzerako 2027. urtea izatea aurreikusten da–, eta Zestoako Udalak herritarrekin batera hausnarketa eta ahalduntze prozesua abiatzeko apustua egiten du". Dena den, prozesu hori nola egingo duen ez dakiela esan du Udal Gobernuak, baina adituekin hitzaldiak antolatzea eta gogoeta saio komunitarioak prestatzea mahaigaineratu ditu.

Gainera, Udal Gobernuak "argi" utzi nahi izan du gaiaren aurrean udalak duen ahalmena "murritza" dela, baina horrek "posizionatu behar ez duenik" ez duela esan nahi argitu du: "Are gehiago, posizionatu egin behar du". Hala eta guztiz, marko juridikoa ekarri du gogora Udal Gobernuak, batzarrean Arregik esandakoaren harira, Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozesua martxan jarri duela eta Interes Publiko Goreneko Proiektuek Legeak (PIPS) udala "eskuduntzarik gabe" uzten duela adierazita.

"Ezin" proiektua babestu

Ostiraleko batzarrean esandakoa berretsi dute Udal Gobernuko kideek. Hain zuzen ere, Piaspe proiektuari buruzko informazio "mugatua" dutela eta gaur-gaurkoz esku artean dituzten datu "urriekin" proiektua "ezin" dutela babestu esan dute. Gainera, "kezka handia" sortzen dion kontu bat badela azaldu du Udal Gobernuak: aerosorgailuen piezen garraioa Akoako bidetik gora egitea aurreikusten dela. "Proiektu honek sortuko lukeen ingurumen inpaktua, inpaktu bisuala eta bertako bizilagunekiko eragina handia izango dela oso jakitun gara".

Dena den, gaia aztertzeko "prestutasuna" agertu du Udal Gobernuak: "Izan ere, batetik, energiaren jabetzaren inguruko berrikuntzak ditu proiektuak, eta bestetik, abiatu beharreko trantsizio energetikoa emateko 'intentsitate handiko ekipamenduak' beharrezkoak izango dira". Udal azaldu duenez, erakundeak hainbat urrats egin ditu energia trantsiziora bidean –Goienerrekin hitzarmena energia komunitatea sortzeko, eraikin publikoetako teilatuen azterketa...–, baina hori ez dela "nahikoa" adierazi du. Energia elektrikoaren kontsumoaren datuak ekarri ditu berriz ere gogora Arregik: Zestoako kontsumo osoa –etxeetakoa nahiz industriala– urteko 41,6 GWh da, eta Zestoan sortzear duten Argiola energia kooperatibak 1,5 GWh sortzea aurreikusten dute; Piaspek, aldiz, 84,7 GWh sortuko lituzke.

Zestoako Udal Gobernuak "estrategia orokor bat eraikitzeko premia" dagoela esan du. Batetik, Euskal Herri mailakoa, eta bestetik, herri mailakoa. "Planifikazio orokorrik ez dago, eta hori ezertan hasi aurretik egin beharreko kontua da. Estrategia integralik gabe, aerosorgailuak besterik gabe jartzea ez da soluzioa. Egia da hemen dugun energia berriztagarri bideragarriena eta eraginkorrena haizea dela, baina aerosorgailuak jartzearekin bakarrik ez goaz inora, bestelako etxeko lanak ere egin behar dira. Ez dakigu zenbat parke eoliko eraikitzea den beharrezkoa, justua eta jasangarria".

"Abiatu beharreko" gogoeta "sakona" dela uste du Udal Gobernuak, "erpin eta ikuspegi desberdinak" izan ditzakeelako. Trantsizio energetikoa "beharrezkoa" dela uste du, eta azpimarratu du kontsumo murrizketa estrategiaren barnean sartu behar dela, erregai fosilak berriztagarriengatik ordezkatu behar direla, 2035tik aurrera ziurrenera soilik ibilgailu elektrikoak erosi ahal izango direla, elikadura burujabetza edo bertako elikaduran oinarritutako sistemara itzultzea beharrezkoa dela eta baso politika ordenatu bat eraiki behar dela.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide