Jone Exposito eta Sara Zozaya, Gure Bazterrak jaialdiaren antolatzaileak

"Adostasun argi batekin erabaki dugu talde hauek hautatzea"

Anartz Izagirre 2022ko azaroaren 4a

Gure Bazterrak musika festibala egingo dute bihar Zestoako plazan, 19:00etatik aurrera. Jaialdiaren antolatzaileak dira Jone Exposito zein Sara Zozaya, eta prest dute guztia.

Lau kontzertuz osaturiko Gure Bazterrak jaialdia egingo dute bihar Zestoako plazan, eta Jone Exposito (Zestoa, 1996) nahiz Sara Zozaya (Donostia, 1995) daude antolakuntzan. Gustura daude zestoarrengandik jasotako laguntzarekin. Sarrerak salgai daude oraindik Entradiumen eta Zestoako Turismo Bulegoan.

Gure Bazterrak musika jaialdiaren bosgarren edizioa Zestoan egingo duzue. Zergatik?

Sara Zozaya: Gure Bazterrak festibalaren lehen edizioa Orion egin genuen, eta ez zen herri finko batean egiteko ideiarekin sortu. Orion hasi ginen, baina Donostian eta Pasaian ere egin genituen beste bi edizio. Pandemia garaian gelditu egin zen dena, baita festibala ere; orduan, ez geneukan ideiarik berriro ere egingo genuen ala ez. Jonerekin topatu nintzen, bizitzak elkartu gintuen, eta konturatu ginen interes berak genituela. Iruditu zitzaigun oso ideia ona izan zitekeela festibala Zestoara eramatea bosgarren edizioan.

Jone Exposito: Gure ideia Zestoako Udalari planteatu genion, kontziente baikinen bakarrik ezin genuela egin. Udalari gustatu egin zitzaion ideia, eta ekarlanean antolatu dugu jaialdia.

Eta nondik dator Gure Bazterrak sortzearen ideia?

S.Z.: 2014an sortu zen, eta orduan ez geneukan batere dirurik; lehen edizioa indarrak batuta egin genuen. Egia da ordutik aurrera publiko fidela lortu dugula. Euskal taldeak eraman ditugu oholtzara, underground kontsidera daitezkeen estiloak. Uste dut jendeari gustatzen zaiola Gure Bazterrak festibala nahiz kontzeptua bera. Eta aurrera jarraitu dugu, ez festibalarekin bakarrik, baita horrez gain egiten ditugun beste hainbat ekitaldirekin ere. Dena den, festibala da erdigunea, ekimen honen balore eta ideia nagusia.

Ate joka dator asteburua. Dena prest al duzue biharko?

J.E.: Horretan ari gara. Herriko jendea pila bat ari da laguntzen, eta bada momentua haiei eskertzeko. Herritarrek ez ezik tabernariek ere asko lagundu digute, eta ikusiko dugu bihar nola ateratzen den guztia; izan ere, laguntza ez zaigu falta izan, eta boluntarioak ere ez. Jende asko etorri zaigu esanez: "Nik laguntzea nahi dut, zer daukat egitea". Oso erantzun ederra eman du jendeak.

Lau talde bildu dituzue agertokian: J Martina, Neomak, Grises eta Merina Gris. Zerk batzen ditu horiek guztiak?

S.Z.: Adostasun argi batekin erabaki dugu talde hauek hautatzea. Taldeak aukeratzerakoan ikusi genuen lau horiek egokiak zirela. Adibidez, interesgarria iruditzen zitzaigun Neomaken proposamena, oraindik ere ez baita hain talde ezaguna. Eta hemendik urte batzuetara esan ahal izango da Neomak Gure Bazterraken egon zela. Ikusi genuen momentu hona zela talde hori ekartzeko. Burua oso irekita izan dugu aukeraketa egiteko garaian musika estilo aldetik ere. Orain arte Gure Bazterrak beti izan da rock estilora jo duen festibala, baina aurten erakutsi dugu hemen egiten den musika osotasun guztian; entzulearekin pentsatu dugu, eta ez nitxo oso zehatz batean.

Talde horietan guztietan, gutxienez, emakume bat behintzat badago. Hori da edizio honetan jarri duzuen irizpideetako bat. Zer garrantzi du?

J.E.: Oso garrantzitsua da agertokian dauden pertsona horiek denontzat erreferenteak izatea. Hausnartzen jardun garen kontuetako bat izan da emakumeak oholtzan falta direla, edo behintzat, emakumeei ikusgarritasuna ematea nahi genuela. Pentsatu genuen aurtengo plazak horretarako balioko zuela.

S.Z.: Orain arte, Gure Bazterrakek ez du modu kontziente batean lan egin genero berdintasuna ulertzeko. Pauso bat aurrera egin dugula iruditzen zaigu.

Musikalki oso aberatsa den herria da Zestoa. Nola ikusten duzue herriko panorama?

J.E.: Garbi dago Zestoako panorama musikala oso maskulinizatuta dagoela. Emakume erreferenteak oso gutxi dira, eta hori ere izan da arrazoietako bat jaialdia Zestoan egiteko. Hainbeste talde sortzen dira eta esaten duzu: «Non daude talde horietan emakumeak?». Horregatik, Grisesekin kontatzea erabaki genuen; Amancay Gaztañaga dago bertan, eta erreferente argi bat da bera. Gainera, Grises Zestoako musikaren historiako parte da, eta iruditzen zitzaigun hor egon behar zuela.

Grisesek, gainera, agertokiak utziko dituela iragarri du. Kasualitatea izan al da zuek haiekin beren azken birako lehen emanaldia lotzea?

J.E.: Apur bat kasualitatea izan da, bai. Guk haiekin hitzordua lotu genuenean, ez genekien beste ezer iragarri behar zutenik.

S.Z.: Grises aurrez Gure Bazterrak festibalean jotakoa da, eta edizio honetan bueltan dira. Iruditzen zitzaigun jaialdia Zestoan izanik Grisesek itzuli egin behar zuela. Iragarri dutenarekin, gainera, beste tamaina bat hartzen du jaialdiak.

Aurten, kasualitatez, jaialdiaren urteurren borobila izango da, bost urte bete baitituzue. Beste horrenbeste betetzeko esperantzarik ba al duzue?

S.Z.: Oso polita litzateke hori. Aurten laguntzaile oso erabakigarri bat izan dugu, Zestoako Udala. Horrek esperantza ematen dizu gauzak urtetik urtera hobeto eta gehiago egiteko. Biharkoa proba izango da jaialdia nola doan ikusteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide