Urrian ekin zieten berriro adinekoak kirola egitera bultzatzeko Zestoa Osasuntsu programaren barruko ibilaldiei, eta azaroarekin, berrikuntzak prestatu dituzte programaren sustatzaileek. Aurrerantzean, bi hilean behin, hileko bigarren ostegunean, ohikoak baino ibilbide luzeagoak egingo dituzte. Horrela, "normalean oinez ibilbideak egiteko ohitura handiagoa dutenak erakarri" nahi dituzte programara, azaldu du Ana Carrere udaleko Kirol teknikariak. Ibilaldi luzeagoak egiteko lehen aukera azaroaren 10ean izango dute: Zestoatik Azpeitira oinez joan, eta autobusez itzuliko dira ondoren herrira ekintzan parte hartuko dutenak. 09:30ean irtengo dira egun horretan kiroldegiko ataritik; itzulerako autobusa, berriz, 12:30ean hartuko dute Azpeitian. Jarduera fisikoa egiteaz haratago, Zestoa Osasuntsu "elkarren arteko harremanak sustatzeko eta etxeetan bakarrik bizi direnak hurbiltzeko tresna" izatea nahi dute programaren arduradunek.
Baina horren aurretik, ostegun honetan, hilaren 3an, ohiko hitzordua izango dute ibiltariek. 10:30ean kiroldegi aurrean elkartuta, Zestoa inguruan egingo dute ibilaldia; eta ohitura onei eutsita, hamaiketako batekin borobilduko dute goiza.
Aipatutakoaz gain, beste berrikuntza bat ere iragarri dute: COVID-19ari aurre egiteko "protokoloen zorroztasunarekin" orain arte parte hartu ezin izan duten San Juan eta Gisasola zaharren egoitzeko egoiliarrek ere bat egingo dute hemendik aurrera Zestoa Osasuntsu programarekin.