2023ko Kobaz Koba Trail mendi lasterketak badu data: otsailaren 12an egingo dute Zestoa inguruko kobazuloak zeharkatzen dituen proba entzutetsua. Arazi IKTk eta Agiro mendi klubak antolatu ohi dute lasterketa Zestoako Udalaren laguntzarekin, eta antolatzaileek gaur eman dute datorren urteko edizioaren berri. Ohi bezala, bi ibilbide izango ditu lasterketak: 15 kilometroko Artzei bidea eta 25 kilometroko Zaldei bidea. Proba bakoitzean 300 lagunek parte hartu ahal izango dute. Azaroan zabalduko dute izen ematea, baina oraindik ez dute egun zehatza iragarri. Hori bai, gogorarazi dute "ziztu bizian" amaitu izan direla dortsal guztiak aurreko aldietan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "ibilbide ederra eta berezia" prestatu dute 2023rako, "betiko modukoa". Zestoa inguruko bidezidorretan barrena ibiliko dira korrikalariak, eta "ondare natural eta historiko paregabeaz" gozatu ahal izango dute. "Lehen gizakiak ibili ziren bideetan barrena igaroko da ibilbidea, historiaurreko ondare eta aztarnategien lurraldean barrena, historiaurreko margo eta harribitxiak jasotzen dituzten koben bideetan". Besteak beste, honako gune hauek zeharkatuko dituzte partaideek: Ekain, Danbolinzulo, Astigarraga, Amalda, Praileaitz, Astuigaña, Erraila, Urtiaga, Ermitia eta Erlaitz haitzuloak nahiz Irikaitzeko aztarnategia eta Arluze monolitoa. "Benetako historiaurreko ibilbidea" dela adierazi dute antolatzaileek.
Haiek eskerrak eman dizkiete ibilbidea osatzea posible izan dadin lankidetzan aritu diren lur jabe guztiei. Era berean, korrikalariei dei berezia egin diete: "Eskatzen diegu errespetuz ibil daitezela bideetan barrena urte guztian zehar, ez dezatela herri bideetatik kanpo entrenatu eta landa gunean errespetuz jardun dezatela, langak itxiz, zaratak saihestuz eta bertakoen deskantsua ez oztopatuz". Lasterketa Zestoako herriaren, eta batez ere, boluntarioen laguntzarik gabe ez zela posible izango ere adierazi dute antolatzaileek. "Ibilbidea markatzen, anoa guneetan, bidegurutzeetan, aparkalekuan, dortsal banaketan, arropa zaindegian… laguntza amaigabea eta paregabea eskaintzen dute, eta hori gabe ezinezkoa litzateke antolaketa".
Norbaitek informazio gehiago beharko balu, info@kobazkobatrail.com helbidera idatz dezake.