Hitzaldiekin eta azokarekin dator Zestoako Arkeologia Astea

Ane Olaizola 2022ko urriaren 28a

Zestoako Udalak antolatu du egitasmoa, eta hilaren 15etik 20ra bitartean, herritarrek Amalda aitzuloari, Baioko aztarnategiari edota Antxieta arkeologoa taldearen jardunari buruz gehiago jakiteko aukera izango dute.

Zestoako Udalak Arkeologia Astea antolatu du aurrenekoz, eta hilaren 15etik 20ra bitartean, hainbat saio egingo dituzte arkeologia eta historiaurrea oinarri izanda; hain zuzen, herritarrek Amalda aitzuloari, Baioko aztarnategiari edota Antxieta arkeologoa taldeari buruz gehiago jakiteko aukera izango dute, egitasmoaren barruan eskainiko dituzten hitzaldien zein egingo dute azokaren bidez.

Hilaren 15ean, asteartez, hasiko da Zestoako Arkeologia Astea, eta Joseba Rios arkeologoak Amalda III, Altzolarats (Zestoa): Zestoako Neanderthalak ezagutzen hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Alondero udal aretoan. Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionaleko arkeologoa da Rios, eta hark zuzendu du indusketa kanpaina "oso emankorra" zuzendu du Amaldako haitzuloan.

Antolatzaileek azpimarratu dute Gipuzkoan oso gutxi direla neandertalen presentzia frogatua izan den aztarnategiak, eta Amalda dela horietako bat. Bertan, Erdi Paleolitoan "ondo kontserbatutako okupazio-maila" dagoela egiaztatzen duten faunaren laginak eta harrizko industriaren aztarnak berreskuratu dira. Hain zuzen, udalak gogoratu du han aurkitutako fauna-aztarnen jatorria dela aztarnategi horretako "gai interesgarri eta eztabaidatuena": "Bertan aurkitutako fauna-aztarnen jatorria neandertalek ehizatutako produktua da, ia esklusiboki? Edo aztarnategia beste animalia haragijaleen zulo bat zen, gizakiek noizbehinka erabiltzen zutena?". Hortaz hitz egingo du Riosek.

Hilaren 17an, ostegunez, Zestoako Baio eta Amabiturrietako aztarnategiez arituko dira, honako saio honetan: Errinozeroak, hienak, elur-oreinak eta hartzak Urolako Bailaran? Zestoako Baio eta Amabiturrietako aztarnategiak. Asier Gomez Olivencia izango da hizlaria, hango indusketen proiektua zuzendu duen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea. "Antxieta Arkeologia taldekoek, 1990ean eta 1998-1999 bitartean, zundaketa bat egin zuten Baion, eta orain ikerketa sakonagoa egitea da helburua", esan du udalak. "Momentuz dakiguna da Gipuzkoako faunarik zaharrena dagoela koba honetan, baina zalantzarik gabe, beste ezusteko pozgarriren bat emango du aztarnategiak, eta Asier Gomezek hitzaldian ere bai seguruenik", aurreratu du erakundeak. Izan ere, udalaren hitzetan, Baioko aztarnategiak "zeresan ugari" emango du etorkizunean. Saio hori ere Alonderoan izango da, 19:00etan.

Azaroaren 20an, igandean, herri azokarekin itxiko dute egitasmoa, Historiaurrea Zestoan eta inguruko bailaratan izenpean. Antxieta arkeologia taldeak prestatuko du azoka udaletxeko arkupetan. Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek sortu zuten taldea 1965ean; Ekaingo haitzuloa eta hango margoak aurkitu zituzten horiek, eta taldearen lana da historiaurreko arrastoak aurkitzea, bai haitzuloetan, baita aire librean ere. "Gure inguruetako haran eta mendietan miaketak eta zundaketak egitea, laginak eta materialak analizatzea eta azterketa orokor bat egitea da, asko laburtuz, beren lana. Lan hori arkeologo adituen zuzendaritzapean eta elkarlanean egiten dute", adierazi dute antolatzaileek. Ia mende erdiko jardunak "ikaragarrizko emaitza" izan du, eta hori ikusi ahal izango da azokan, 11:00etatik 15:00etara artean. "Askotan ez dute esker handirik jasotzen gizartearen partetik baina gure historiaurrearen ikerketa eta babesari sekulako ekarpena egin diote mende erdi honetan zehar".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide