'Harriminak' eta 'Trapu zikinak' antzezlanak eskainiko dituzte Zestoan, azaroaren 6an eta 10ean

Andoni Elduaien 2022ko urriaren 28a

Zestoako Kultur Etxean eskainiko dituzte bi antzezlanak, eta horiek ikusteko sarrera doakoa izango da. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren antzerkigintza ataleko lanak dira biak.

Azaroaren lehen egunetan bi antzezlan ikusteko aukera izango da Zestoan; izan ere, Harriminak eta Trapu zikinak antzezlanak eskainiko dituzte Kultur Etxean hilaren 6an eta 10ean, hurrenez hurren. Bi emanaldiak Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoko antzerkigintza ataleko lanak dira. Halaber, emanaldietarako sarrera doakoa izango da.

Azaroaren 6an, 18:30ean, Harriminak antzezlana aurkeztuko dute Kultur Etxean. Berritza elkarteak ekoitzi eta Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzendutako lana da Harriminak. Josune Gorostegi eta Dominika Recalt dira antzezlaneko aktoreak, eta bikoteak ordubete inguruko lana eskainiko du.

Trapu Zikinak antzezlana, berriz, hilaren 10ean eskainiko dute, 19:00etan hasita. Lore More zuzendariaren testua du lanak, baina Lucia Ezkerrak ekoitzitako lana da. Lara Villanueva, Maialen Diaz eta Mikele Urroz aktoreak igoko dira Kultur Etxeko oholtza gainera, eta hirukoteak ordubete eta hogei minutuko antzezlana eskainiko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide