Garazi Abasolo, Jon Artano eta BTT zeharkaldia, Zestoako Mendi Asterako

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 27a, 14:14

Datorren hileko bigarren astean egingo dute, Agirok eta udalak elkarlanean antolatuta. Azaroaren 9an eta 11n izango dira, hurrenez hurren, Abasoloren hitzaldia eta Artanoren aurkezpena, eta azaroaren 12an mendiko bizikleta irteera.

Hiru hitzordurekin dator 2022ko Zestoako Mendi Astea. Azaroaren bigarren astean egingo dute, Agiro mendi klubak eta udalak elkarlanean antolatuta.

Azaroaren 9an, asteazkena, hasiko da Mendi Astea, Garazi Abasolo nutrizionistaren Nola elikatu kirolean? Nola elikatu mendian? hitzaldiarekin. Azaroaren 11n, berriz, Jon Artanok Esplorazio zientifikoa eta alpinismoa. Darwin mendikatean, Suaren lurraldean (Txile) lana aurkeztuko du herritarren aurrean. Bai Abasoloren hitzaldia, bai Artanoren emanaldia, Alonderon izango dira, 19:00etan.

Mendi Astea bukatzeko, berriz, BTT zeharkaldia antolatu dute zapaturako, azaroaren 12rako. Parte hartzera animatzen direnak 08:30erako azaldu beharko dira Gurutzera. Handik abiatuta, Zestoa-Urdaneta-Pagoeta-Iturriotz-Altzola-Aizarna-Zestoa ibilbidea osatuko dute mendiko bizikletan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide