Zestoako Udalak auzotarrentzat zuzendutako garraio zerbitzu publikoa jarriko du martxan datorren asteazkenetik, azaroaren 2tik, aurrera. Hain zuzen, autobusak Aizarnara eta Arroagoira egingo joan-etorriak, udalaren hitzetan, bi auzo horiek baitira daukaten biztanle kopurua aintzat hartuta "inolako zerbitzurik" ez daukatenak. Dena den, Iraetan ere geldialdiak egingo ditu garraiobideak.
"Zestoak duen azalera eta dituen auzo kopurua ikusirik esan beharrik ez da zerbitzu ezberdinak kudeatzeko orduan zailtasun erantsiak ditugula. Besteak beste, Gipuzkoako hainbat udalerri txiki baino biztanle kopuru handiagoa izan arren, hauek udal entitate juridikorik ez dutelako Gipuzkoako Foru Aldundiaren garraio sistematik kanpo geratzen dira", adierazi du udalak. Haren arabera, Zestoako udalak ez dauka garraio sistema publiko oso bat bere gain hartzeko ahalmenik, baina udal erakundeak dituen baliabideekin jarriko du zerbitzua martxan; hori bai, zerbitzu pilotua izango da, "behin behinekoa". Hasiera batean, urtebeteko zerbitzua izango da datorren astean indarrean jarriko dutena, eta emaitzak aztertzen dituztenean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailarekin hitz egiteko eta zerbitzuan Mugi sistema ezartzeko asmoa duela azaldu du udalak. Urtebeteko epean, ordea, doan izango da zerbitzua.
Bederatzi plazako ibilgailu bat egokitu du udalak autobus zerbitzua eskaintzeko, eta lagunetan egongo da hori martxan. Autobusak egunean bina joan-etorri egingo ditu Arroagoira eta Aizarnara, tartean, Iraetan geldialdia eginez. Ordutegiari dagokionez, Zestoatik Aizarnara joan nahi duenak 08:30ean eta 16:30ean izango du autobusa, eta Aizarnatik Zestoarako autobusa, berriz, 08:45ean eta 16:45ean abiatuko da. Aizarnari dagokion linean, Sebastopol aurrean egingo du autobusak Iraetako geldialdia; Arroagoiko lineari dagokionez, Zestoatik 09:00etan eta 17:00etan abiatuko da garraiobidea auzo horretara; handik Zestoara, berriz, 09:10ean eta 17:10ean joango da. Linea horretan, Iraetako geldialdia eliza aurrean izango da.