Grises musika taldeak datorren urtean ibilbidea amaituko duela iragarri du. 2023a izango da taldearen azken urtea, eta taldekideen bizitzako "etapa garrantzitsu" bat ixteko "kontzertu gutxi batzuk" eskainiko dituela jakinarazi du Grisesek.
Hain zuzen ere, agur kontzertuetan lehena "etxean" izango da, Zestoan, azaroaren 5ean, Gure Bazterrak jaialdiaren barruan. Ondoren, Grisesek "pixkanaka" jakinaraziko ditu taldearentzat garrantzitsuak izan diren tokietan eskainiko dituen kontzertuen datak. "Pixkanaka joango gara agurraren xehetasun gehiago ematen. Tristea izango da, baina taldeak merezi duen amaiera handia izatea nahi dugu".
Hogei urteko bidea "sinestezina" izan dela azaldu du taldeak; izan ere, sei disko eta ehunka kontzertu eskaini ditu Zestoako taldeak. "Milioi bat esperientzia eta milaka amets bete ditugu Grisesi esker", adierazi dute taldeko kideek sare sozialetan argitaratu duten testuan.
Proiektua bertan behera uzteko unea dela jakinarazi du taldeak, Grises familia bat izan dela eta dela jakinarazita. Orain "beste abentura batzuei" ekiteko unea dela azaldu dute taldekideek. Horiek, gainera, "eskerrak" eman dizkiete zaleei, egin duten bidean emandako laguntzagatik.
Urteak egin ditu Grisesek musikaren eszenako lehen lerroan, eta 2019an etenaldia egitea erabaki zuen. Taldea 2020an itzuli zen agertokietara, eta Talisman diskoa kaleratu zuen.