Piaspe proiektu eolikoaren gainean batzar ireki bana deitu dute Zestoan udalak eta Sañu Bizirik taldeak

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 24a, 15:39

Zentral eolikoaren aurkako taldearena ostegun honetan izango da, urriaren 27an, Alonderon. Zestoako Udalak, berriz, azaroaren 4an egingo du batzar informatiboa Kultur Etxeko antzokian; azken horretara joan nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena.

Azpeitian egindakoen ondoren, Zestoan egingo dituzte Piaspe proiektu eolikoaren gaineko datozen batzarrak. Gaur bertan, batzar irekietarako dei bana egin dute Sañu Bizirik taldeak eta Zestoako Udalak. Statkraft enpresak Sañoa mendian, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan eraiki nahi duen zentral eolikoaren gaineko informazioa eta kezkak plazaratzeko batzarrak izango dira biak.

Irailaren 22an eratu zuten Sañu Bizirik taldea, Statkraften asmoak publiko egin eta astebete pasatxora, Azpeitian proiektu eolikoen kontra egindako batzar ireki batean. Harrezkero, batzar gehiago eta mobilizazioak ere egin ditu taldeak, Azpeitian nagusiki. Orain, lehen aldiz, Zestoarako egin dute hitzordua. Hain zuzen ere, ostegun honetarako, urriaren 27rako, deitu dute batzar irekia, taldearen ekimena herri horretara ere zabaltzeko , eta bertan "dauden indarrak neurtu" nahi dituztelako. Alonderoko udal aretoan egingo dute bilkura, 19:00etan.

Aurrez izena emanda

Azpeitikoak urriaren 11n egindakoaren ildotik, Zestoako Udalak ere herritarrei zuzendutako batzar irekia egingo duela jakinarazi du gaur bertan. "Udalak duen informazioa herritarrei jakinaraztea eta euren iritziak, galderak eta kezkak jasotzea" izango da batzar horren helburua, "guztion artean gai honi dagokion bide-orria zehazten joateko". Datorren asteko ostiralean, azaroaren 4an, egingo dute batzar hori, Kultur Etxeko antzokian, 19:00etan. Azpeitian egindako lehen batzarrean ez bezala, Statkrafteko ordezkaririk ez da joango Zestoako bilkurara.

Bestetik, eta batzarra egingo den aretoaren "edukiera mugak" kontuan hartuta, udalak aurreratu du Zestoan erroldatutakoek izango dutela erakundeak Piaspe proiektu eolikoaren bueltan antolatu duen bilerara joateko lehentasuna. Horregatik, batzarrera joan nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, eta horretarako, bi bide jarri ditu aukeran udalak: Internetez, online formulario hau beteta; edo udaletxean, han eskura jarriko duten inprimakia beteta, eman ahalko dute izena batzarrera joan asmo dutenek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide