2019an irekitako bideari jarraituz, datorren urteko aurrekontuak osatzeko herritarrekin parte hartze prozesua egingo du Zestoako Udalak. Hain zuzen ere, herritarren ekarpenak jasotzeko eta aurrekontuetarako proiektu proposamenak onartzeko hiru bilkura egingo ditu erakundeak datozen asteetan. Aurten, zehazki, 75.000 euro bideratuko ditu udalak parte hartze prozesura; hau da, herritarrek erabakiko dute udal aurrekontuko 75.000 euro zertara bideratu.
Hiru batzar egingo dituzte guztira, eta aurrena datorren asteazkenean, urriaren 26an, izango da, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian; bilera horretan prozesuaren xehetasunak zehaztuko dituzte, eta ordutik aurrera izango dute herritarrek proposamenak egiteko parada. Bigarren bilera abenduaren 1ean egingo dute, eta orduan adostuko dute herritarrek egindako proposamenetatik zeintzuk igaroko diren bozketa fasera. Halaber, bozketa fasetik kanpo gelditzen diren proposamenak zergatik gelditu diren hala ere azalduko dute. Hirugarren eta azken bilkura abenduaren 15ean egingo dute, eta bozketaren emaitzak eta onartutako proiektuak izango dituzte hizpide orduan. Abenduaren bukaerarako 2023ko aurrekontu orokorrak onartzea aurreikusten du udalak.
Mikel Arregi alkateak azaldu duenez, udalarentzat "garrantzitsua" da herritarren beharrak ezagutzea. "Parte hartze prozesuetan sinesten dugu, herritarren beharrak ezagutzeko ariketa eraginkorrak direla uste dugulako. Udala da herritarrengandik gertuen dagoen erakundea, eta beraz, lau urtez behin botoa emateko aukera izateaz gain, herritarrek eduki behar dute erakundearentzat urteko erabaki handiena den aurrekontuetan ekarpena egiteko parada".
Prozesuaren aurrekari "baikorra"
Erakundeak 2019an egin zuen aurreneko aldiz aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesua, eta orduko hartan izandako esperientzia "baikorra" izan du hizpide alkateak. Izan ere, udalak 50.000 euro bideratu zituen herritarren parte hartze prozesura, eta 40 lagunek parte hartu zuten diru hori zertan gastatu erabakitzeko bilkuretan. Orotara, 36 proposamen egin zituzten zestoarrek, eta horietatik bost proiektu gauzatu zituen erakundeak 2020an. Dena den, Arregik adierazi duenez, prozesuaren inpaktu erreala handiagoa izan zen, herritarrek orduan proposatutako beste hainbat proiektu ere egin dituztelako orduz geroztik. "Parte hartze prozesuaren inpaktu erreala 120.000 eurokoa da, parte hartze prozesuan jasotako hainbat proposamen ere kontuan hartu ditugulako gerora".
2020ko aurrekontuaren zati bat zertarako erabili aukeratzeko abagunea izan zuten herritarrek duela hiru urte, eta ondorengo bi urteetan, pandemia tarteko, udalak ez zuen prozesurik gauzatu. Dena den, lehen aldi hartako "esperientzia aberasgarria" izan zela eta parte hartze ariketa hobetzeko proposamenak ere jaso zituztela azaldu du alkateak. Horregatik, aurten ekinbidea "are parte hartzaileagoa" izateko urratsa egin dutela azaldu du. "Prozesua egiteko denbora tartea zabaltzea, bozketa sistema hobetzea eta diru kopurua handitzea proposatu zituzten herritarrek orduan, besteak beste, eta aurten horiek kontuan hartuta gauzatuko dugu jarduna".