Idazlea

Luisa Etxeberria: "Garbi nuen liburua katalanetik euskarara itzultzea nahi nuela"

Anartz Izagirre 2022ko urriaren 20a

'Isiltasuna josi' liburua kaleratu berri du Luisa Etxeberriak (Zestoa, 1946). Jon Elordik itzuli du liburua euskarara, Etxeberriak katalanez idatzi baitzuen jatorrizko liburua: 'Sargir el silenci'.

Askok egingo luketen galdera da: zer egiten du zestoar batek Bartzelonan, liburu bat katalanez idazten?

22 urterekin etorri nintzen Kataluniara, eta hemen gelditu nintzen bizitzen. Nire ikastaroak hemen egin ditut eta lan profesionala ere bai. Segituan sentitu nuen katalanez bizi behar nuela, eta primeran konpontzen naiz, egia esan.

Sargir el silenci liburuaren itzulpena da Isiltasuna josi. Hobeto moldatzen al zara katalanez idazterakoan?

Nire euskara kolokiala izan da beti, eta Zestoatik atera nintzenean moteldu egin zen. Barneko ikaslea izan nintzen Iruñean; 11 urterekin joan nintzen hara, eta han gaztelaniaz jaso nituen klaseak. Orduan, nire euskara oso maila baxuan gelditu da. Bartzelonan izan dut aukera Euskal Etxean ikastaroak egiteko, baina beti beste lehentasun batzuk izan ditut, eta azkenean, luzatu egin zait ikasketa. Poesia oso gustukoa dut, eta ikusi nuenean ondo sentitzen nintzela haren inguruan, nire materialak zaintzen hasi nintzen hona etorrita. Katalanez idaztea askoz errazagoa egiten zait orain.

Jon Elordi izan da liburuaren itzulpena egin duena. Ondo islatu al du euskaraz zuk katalanez helarazi nahi zenuena?

Garbi nuen liburua katalanetik euskarara itzultzea nahi nuela. Jon Elordi topatu nuen Internet bidez, eta harekin hitz egiten hasi nintzen. Materialak partekatzerakoan garrantzitsua zen jakitea berak horiek nola sentitzen zituen, eta ikusi nuen berak ere argi zeukala testuaren fideltasunari eutsi behar ziola. Horrek gure arteko bilera asko eskatu dizkigu, eta bere lana izugarria izan da. Oso ondo konpondu gara elkarrekin.

Zeintzuk dira poesia liburu honetan lantzen dituzun gaiak?

Ardatz tematikoan, josketaren inguruan jolasean ibili naiz, baina gure barne bizitzako alorretara eramanaz; hau da, sarestatzeak, ehuntzeak, apurtutakoak konpontzea… Bizitzan hainbat istripu eta pitzadura izaten ditugunez, poesia sorta hau jaio da gure emozioak eta oroitzapenak hitzaren eta poesiaren bitartez zerbait berezia esateko desiotik. Hori guztia irakurleekin partekatzea nahi dut.

Eta zer-nolako harrera izan du liburuak orain arte?

Orain arte bi une izan ditut. Bata, sustapen unea. Liburua inprimatu aurretik, maiatzaren 14an, aurkezpena egin genuen Bartzelonako Euskal Etxean. Eta joan zen urriaren 3an beste aurkezpen bat egin genuen liburutegi batean. Primeran joan zen azken hura. Han egon ginen Maragda Cuscuela ilustratzailea, Jon Elordi itzultzailea eta ni neu. Gainera, biolontxelo jotzaile batek musikaz girotu zigun ekitaldia; jendea gustura gelditu zen. Era batera edo bestera jaso ditugun mezuek asko bete naute.

Bartzelonako Euskal Etxean egin zenuten ekitaldian zure iloba Nerea Mendizabal ere izan zen. Zer-nolako esperientzia izan zen hura?

Oso esperientzia polita izan zen. Nire iloba Nerea Mendizabalek ukitu polita eman zion saioari lauzpabost olerki musikatuz eta abestuz. Sintonia ederra sortu genuen jendearekin. Maragda [Cuscuela] ere bertan izan zen, eta olerkiak errezitatzen ari nintzen momentuan, berak marrazkiak inprobisatu zituen, eta jendeak zuzenean pantaila bidez ikusteko modua egin genuen. Oso gozoa izan zen une hori. Nik katalanez errezitatu nituen olerkiak, eta bitartean, Nereak abestu egiten zuen. Euskal Etxeak asko baloratu zuen hori.

Lotura estua mantentzen al duzu oraindik sorterriarekin?

Bai. Zestoara joaten saiatzen naiz udan eta Gabonetan, familiako bilkuretara ere joaten naiz, momentu gozoetan zein tristeetan. Familiakoak ere sarri etortzen dira Bartzelonara. Horrekin batera, euskara mantentzeko asmoz, saiatzen naiz Internet bidez jasotzen ditudan egunkariak eta bestelako irakurketa puntualak euskaraz egiten. Nire jendearekin harremanak izateko orduan, ondo sentiarazten nau horiek euskaraz izateak. Bartzelonan euskaldun batzuekin harremana mantentzeak ere laguntzen dit horretan.

Ez da zure lehen liburua. Izan ere, Haztamuka izeneko olerki bilduma kaleratu zenuen duela lau urte.

2016an atera nuen Dol i sol liburua, eta orduan sentitu nuen liburu hori euskaraz ere argitaratu behar nuela. 2017an Jon Elordik itzuli zuen liburu hori, eta Haztamuka izenez kaleratu genuen. Nik, ondoren, gaztelaniara ere itzuli nuen liburua. 2018an publikatu nuen A tientas; Zaragozako eta Valentziako lagunek proposatu zidaten liburua gaztelaniara ere itzultzeko, ez baitzuten katalanez hitz egiten. Isiltasuna josi liburuarekin ez dakit gauza bera egingo al dudan.

Aurrez, gainera, taldean osatutako Nusos Nus liburua ere ondu zenuen, 2013an. Aldaketa handia izan al zen taldeko lanetik bakarkakorako jauzia?

Garai hartan, idazle talde batek gure arteko bilkurak egiten genituen Bartzelonako Ateneoko idazle eskolan. Han osatu genuen Nusos Nus liburua, lankidetzan. Idazle bakoitzaren zortzi ekarpen daude liburu horretan; hamar sortzaile inguru izango ginen parte hartu genuenak. Ondoren, bakarkako lanean aritzea ez zait aldaketa handia egin, baina garai hartan ez nuen pentsatzen liburu bat bakarka publikatzerik. Pixkanaka, ordea, materiala osatzen joan nintzen, eta animatu egin nintzen.

Irakaslea eta psikologoa izan zara lanbidez, erretiroa hartu aurretik. Nolatan amaitu duzu literaturaren munduan?

Profesionalki irakasle moduan aritu izan naiz lanean, eta psikologia lanak ere uztartu ditut institutu batean, hogei urte inguruz. Filologia ikasketak egin nituen unibertsitatean, eta Gaztelania eta Literatura ikasgaia ematen nuen BBBen eta UBIn. Gero, jubilatu nintzen urte berean, poesiari heldu nahi niola ikusten nuen, eta alderdi honi denbora gehiago eskaini ahal izan diot hainbat ikastaroren bitartez. Txikitatik izan dut gustukoa literatura. Liburutegira joaten nintzen eta olerki liburuak hartzen nituen, eta iruditzen zait ordutik datorkidala afizioa. Nobelak, antzerki liburuak eta bestelakoak ere irakurri ohi ditut. Gogo horrek eraman nau poemak idaztera.

Momentuz argitaratu dituzun lanetan poesiara jo duzu. Beste literatur generoek erakartzen al zaituzte?

Poesiaren inguruan nabil momentu honetan, eta horrelaxe jarraitu nahi dut hemendik aurrera; izan ere, orain momentuan poesiarekin nago ilusionatuta. Hirugarren liburu bat prestatzen nabil orain, trilogia moduko zerbait osatu nahiko nuke eta. Lehen liburua Haztamuka izan zen, bigarrena Isiltasuna josi, eta hirugarren liburuarentzat oraindik ez dut izenbururik pentsatuta, baina gai horri bueltak ematen nabil.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide