Txikiak bai, baina ez geldirik egotekoak. Arroabeko Ezkaizto auzo elkarteak, Zestoako Udalaren laguntzarekin, Txikitasunean Handi eguna antolatu du aurten ere. Etzi, larunbatarekin, izango da zer ikusi, zer egin eta zertaz gozatua Arroabean, eta bigarren urtez jarraian, Baserritar eta Artisau Azokaren bueltan ospatuko dute festa egun berezia.
Iazko lehen azoka baino handiagoa izango da, gainera, aurtengoa. 2021ean 25 bat postu jarri bazituzten, aurten 42 izango dira. Esnekiak, ogia, gozogintza, eztia, taloak, bakailaoa, antxoak, barazkiak... Joan den urteko azokan aurki zitezkeen hainbat produktu salgai izango dira aurtengoan ere, baina postu eta produktu aukera zabalagoa izango da etzi. Besteak beste, aurtengo berrikuntzen artean egongo dira edarien postuak. Sagardo, ardo, garagardo eta txakolin ekoizleek postuak jarriko dituzte Arroabeko azokan. "Horietan botilak zein kaxak erosteko aukera izango da, baina baita edatekoak dastatzekoa ere", zehaztu dute Ezkaizto auzo elkartekoek. Eta janari eta edari postuak ez ezik, hainbat artisauk ere jarriko dituzte berenak: bitxiak, poltsak, egur lanak, serigrafiak, arropak...
"Azokarako ahalik eta produktu eta sorkuntza ezberdinenak lotzen saiatzen" dira antolatzaileak, "sortzaileak, nekazariak eta artisauak gustura ateratzea eta salmenta pixka bat ere edukitzea" nahi dutelako. Horregatik, hain zuzen, "produktu bereko postu asko ez ekartzen saiatzen" direla azaldu dute.
Pandemia garaian eta "pandemiaren ondorioz etorritako hausnarketak" eraginda antolatu zuten lehen azoka, eta hausnarketa hartan oinarrituta prestatu eta indartu nahi izan dute bigarrena. Horrela azaldu dute Ezkaizto elkartekoek: "Pandemia garaian, lehendik ere konturatzen hasita geundenak indar gehiago hartu zuen: gertuko produktuak kontsumitzen hasi behar ginela, kontsumo kontzientea sustatu behar genuela. Hausnarketa horren haritik sortu ziren Arroabean Txara kooperatiba eta denda, eta ildo beretik etorri zen azoka hau antolatzearen ideia ere". Iaztik hona, gainera, energia krisiaren eztandarekin, horrelako azokak eta kontsumo eredua sustatzeko "arrazoi gehiago» daudela uste dute auzo elkartekoek. «Horregatik jarraitzen dugu, gero eta ilusio eta indar handiagoarekin, azoka hau antolatzen".
Bisitariei deia
Azokaren filosofiak badu zerikusirik antolatzaileek etzi Arroabera joango diren bisitariei egin dieten eskaerarekin. Izan ere, garraio publikoa, trena zein autobusa, erabiltzeko deia egin dute Txikitasunean Handi egunaren antolatzaileek, "herri txikia izan arren, garraiobide publikoz oso ondo komunikatuta" dagoelako Arroabea. Hala ere, autoz joango direnek "aparkatzeko arazorik ez" dute izango; herrigunea trafikoarentzat itxita egongo da, baina Sansinenea industrialdean ibilgailuak aparkatzeko aukera izango dute bisitariek.
Baina goizeko azoka ez da izango Txikitasunean Handi egunaren hitzordu bakarra. Arratsaldean hasi eta gauera arte, erromeria egingo dute Arroabean Izer eta Alabier trikitilariekin; eta tartean, indarrak berritzeko, herritar talde batek antolatutako parrillada ere bai, frontoian. Saiheski eta txorizo errea dastatu nahi dituztenek bertan erosi ahal izango dituzte txartelak.
Argazki erakusketa
Txikitasunean Handi egunaren bueltan antolatu du Arroabeko Udaberriko II. Rallyko argazki onenen erakusketa ere Ezkaizto auzo elkarteak. Bihar, etzi eta igandean, 17:30etik 19:30era irekiko dute erakusketa, Elkargunean.
EGITARAUA
- Bihar, etzi eta igandean.
17:30-19:30. Arroabeko Udaberriko II. Rallyko argazki onenen erakusketa, Elkargunean. Ezkaizto auzo elkarteak antolatuta.
- Larunbata, urriak 15.
10:00-14:00. Baserritar eta Artisau Azoka, Idiakaitz txistulari taldekoen dianarekin.
17:00. Buruhandiak.
18:00. Umeentzako erromeria, Izer eta Alabierrekin
20:00. Parrillada, pilotalekuan.
22:00. Erromeria, Izer eta Alabierrekin.