Uztailean grebara jo zuten Zestoako Udaleko hainbat langilek Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuten abuztuan Mikel Arregi alkatearen eta zenbait herritarren kontra, grebalarien funtzioak ordeztu eta haien grebarako eskubidea urratu zutela argudiatuta. Atzo, Lan Ikuskaritzaren ebazpenak salaketa hori atzera bota duela jakinarazi eta kritikatu zuen ELA sindikatuak; eta gaur, ebazpenaren gaineko balorazioa plazaratu du ohar bidez Zestoako Udalak.
Administrazio publikoan lanpostuen behin-behinekotasun tasa murriztea helburu duen Egonkortze Legearen aplikazioaren harira sortu zen lan gatazka Zestoako Udalean. Hain zuzen ere, Udal Gobernuak eman zuen grebaren berri uztailaren 14an, langileek lanuztea hasi biharamunean. 50 egun iraun zuen udal langileen grebak, eta tarte horretan, Udal Gobernuak eta ELA sindikatuak adierazpen bat baino gehiago egin zituzten, egoeraren ardura elkarri leporatuz. Eta Lan Ikuskaritzak Udal Gobernuaren argudioen alde emandako ebazpenaren balorazioan ere ELA sindikatuaren jarrera kritikatu du berriro Udal Gobernuak, ebazpen horrek grebak adinako oihartzunik ez duela izango uste duen arren. "ELA bezalako erakunde erraldoi baten gaitasun mediatikoari esker, gaiak oihartzun handia izan zuen, baina atzo argitaratutako ebazpenaren edukia kontuan hartuta, oraingoan ez da horrelakorik gertatuko", dio Udal Gobernuak balorazio oharraren lehen esaldian.
Ebazpenak erakundeari arrazoia ematen diola nabarmendu nahi izan du Zestoako Udalak: "Denborak sarri bakoitza bere lekuan jarri ohi duela dio esaerak, eta atzoko egunez Lan Ikuskaritzak Zestoako Udalari arrazoia eman eta ELAk udalaren aurka jarritako salaketa atzera bota du". Udalari arrazoia eman ez ezik, ebazpenean Lan Ikuskaritzak "ELAri eta greban egon zirenei arrazoirik ez daukatela garbi adierazi zaie", udalaren ustez. Ildo horretatik, ELA aipatu gabe, sindikatuaren jarrera zatartu du beste behin erakundeak. "Horretarako ardura daukan erakundean salaketa jarri eta bueltan arrazoirik ez daukazula esaten zaizunean, bidegabekeriak utzi eta gizalegezkoa da gaizki egindakoa aitortzea. Ez dugu horrelakorik ikusi eta egiari zor, ezta espero ere", adierazi du oharrean. Izan ere, Zestoako Udalarentzat "besteei hausnarketa eskatzen aritu ordez zer hausnartua nork daukan ere argi gelditu da" kasu honetan.