Gure Bazterrak Fest musika jaialdiaren V. edizioa egingo dute datorren azaroaren 5ean, larunbata, Zestoako plazan, eta txartelak eskuragai daude oraindik ere. Entradium atarian eros zitezkeen jaialdirako sarrerak orain arte, baina hemendik aurrera Zestoako Turismo Bulegoan (Portale kalea, 1) ere eskuratu ahal izango dira horiek, hamabost euroren truke.
Duela aste batzuk iragarri zituzten antolatzaileek Gure Bazterrak Festen arituko diren musika taldeen izenak, eta honakoak dira: J Martina, Merina Gris, Grises eta Neomak. Jaialdiaren antolatzaileek adierazi dutenez, "genero irizpideak eta berdintasuna" hartu dituzte kontuan egitasmoa antolatzerakoan. Era berean, adierazi dute, emakumeen ikusgarritasuna aldarrikatu nahi dutela jaialdiaren bosgarren edizioan: "Ezinbestekotzat jo dugu talde guztietan emakume batek gutxienez parte hartzea. Musika jaialdi honen ahalik eta alderdi gehienetan emakumeen ikusgarritasuna aldarrikatuko dugu, agertoki gainetik hasi eta antolakuntzaraino".