Uztailaren 13tik abuztuaren 31ra bitartean greban egon ziren Zestoako hainbat udal langilek Mikel Arregi alkatearen eta beste hainbat herritarren aurka salaketa aurkeztu zuten abuztuan, behargin horien lana ordeztea leporatuta. Ebazpenaren berri eman du gaur Lan Ikuskaritzak, eta ELA sindikatuak jakinarazi duenez, ikuskatzaileak ebatzi du langileak greban egon ziren bitartean ez zela eskubide urraketarik egon. Hain zuzen ere, Amabirjin jaietarako zezen plazaren harmailak muntatzeagatik eta auzoetako festetan hainbat lan gauzatzeagatik jarri zituzten salaketak grebalariek.
ELA sindikatuak ebazpenarekiko desadostasuna agertu du, eta azaldu du greban egon ziren langileen funtzioak "beste langileek edo pertsona batzuek" egiten jardun zutela, eta hori "legezko kontrakoa" dela. Ildo horretan, Lan Ikuskaritzak ebazpenean erabili dituen arrazoiak gaitzetsi ditu sindikatuak: "Argudiatzen dute zezen plazako muntaia proiektua ikusita, harmaila, barrera, musika bandaren lekua eta sarrera nagusiaren muntaiaren arduraduna Zestoako Udaleko brigada dela"; horrez gain, Lan Ikuskaritzak adierazi du zezen plazaren muntaian "beste urtetan parte hartu izan duten pertsona berberak" aritu direla aurten ere, ELAk azaldu duenez: "2019 urtearekin alderatzen dute hori. Ikuskaritzak dio urte hartan kanpoko arotz enpresa batek muntatu zituela harmailak, torila eta zezenen sarrerako tunela, baina jubilazioa dela-eta aurten enpresa horrek ez duela lanik egin".
"Horiek dira argudio bakarrak, gehiago ezertan sakondu gabe", esan du ELAk, eta gaineratu du ikuskaritzak ez duela aztertu zein diren brigadako langileen funtzioak: "Muntaiaren zuzendaritza eramaten duen brigadako langilea greban baldin bazegoen, argi dago funtzioen aldaketa egon dela; berak azken urteetan egin duen zuzendaritza lana beste batek edo batzuek egin dutela". Ondorioz, greba eskubidea ez dela errespetatu uste du sindikatuak: "Alkate, zinegotzi edota beste edozein herritarrek greban dauden langileen funtzioak ordezkatzea ez da greba errespetatzea guretzat. Horregatik aurrera begira, edozein greba egoeraren aurrean, izan sektore publikoan zein pribatuan, norberak bere gogoeta egin dezala eskatzen dugu".
Auziak soka luzea
Sektore publikoko behin-behinekotasuna murrizteko 20/2021 legearen bueltan hasitako aferak du Lan Ikuskaritzak eman duen ebazpenaren jatorria: uztailaren 13an hasi zuten Zestoako Udaleko hainbat langilek greba, administrazio publikoko behin-behineko lanpostuen 20/2021 legearen harira, "beren lanpostuak bermatzea eskatzeko". Hurrengo egunean, uztailaren 14an, "negoziatzeko prest" zegoela jakinarazi zuen Udal Gobernuak, baina "marra gorri batzuekin". Prentsaurreko horretan, besteak beste, honakoa adierazi zuen Ruben Alberdi zinegotziak: "Gu prest gaude hitz egiteko eta adostasunera iristeko. Hori bai, lanpostu horiek ez ditugu oparituko, udalaren kalterako izango litzatekeelako".
Grebalarien erantzuna iritsi zen laster: "oparirik ez" zutela eskatzen adierazi zuten udal langileek, eta besteak beste, esan zuten Egonkortze Legearen bitartez aukera zegoela deialdia egin duen administrazioan izandako lan esperientzia saritzeko, baina udala ez zen "prest agertu testuinguru berezi hori aprobetxatu eta hainbeste urtean egoera irregularrean egon diren langileen mesedetan oinarriak finkatzeko".
Ordutik soka luzea ekarri du gaiak, eta hainbat izan dira bi aldeek egindako adierazpenak. Joan zen uztailaren 18an ELA sindikatuaren jokaera salatu zuten Zestoako Udalak eta udaleko LABek, eta horri erantzunez, "Egonkortze Legearen aplikazio justu bat" eskatu zuten grebalariek.
Aurrerago, Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zioten udal langileek Mikel Arregi alkateari, "Amabirjin jaietarako zezen plazaren harmailak muntatzeagatik eta auzoetako festetan hainbat lan gauzatzeagatik". Udal Gobernuak, ordea, grebarekiko zuen ikuspuntuari eutsi zion. Horren harira, ELAk salatu zuen Zestoako Udala "langileen eskubideak zapaltzen" ari zela, eta udalak, ELAri erantzunez, "interes sindikal soil bat interes publikoaren eta orokorraren gainetik jartzea onartezina" zela leporatu zion.
50 egunen ondoren, greban egoteari utzi zioten Zestoako udal langileek. "Udala berea eginda geratu da. Oinarriak beren interesen arabera argitaratu dituzte, udaleko ordezkaritza sindikalaren, LAB eta ELA sindikatuen eta langileen oniritzirik gabe", adierazi zuten haiek orduan. ELAk greba txalotu zuen; Udal Gobernuak, aldiz, behargin horiei "nahasmenera eta lokatzetara" jo izana leporatu zien.