Eider Rodriguezen 'Eraikuntzarako materiala' liburuarekin itzuliko da Zestoako Irakurle Taldea hilaren 27an

Anartz Izagirre 2022ko urriaren 4a

2017. urtean hasi zuen ibilbidea taldeak, baina pandemiagatik eten egin zen eta gaur arte ez dute berriro egiterik izan. Hilean behin, ostegunetan bilduko dira irakurleak, eta lehenengo saioa urriaren 27an egingo dute, 18:30ean, Alonderoko kultur aretoan. Saioetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.

Martxan da berriro ere Zestoako Irakurle Taldea. 2017. urtean jarri zuten martxan talde hori, Portale kultur elkarteak bultzatuta, baina izurria zela-eta eten egin zen, gaur arte. Hilabete honetatik aurrera berriro jarriko dute abian taldea, eta Zestoako Udal Liburutegiak hartu du antolatzeko ardura. Taldearen gidaritza, berriz, Pako Aristi idazle urrestildarrak izango du.

Taldea hilean behin bilduko da, ostegunetan, eta denboraldi berri honetako lehen saioa datorren urriaren 27an, osteguna, egingo dute, 18:30ean, Alonderoko kultur aretoan. Eider Rodriguez idazlearen Eraikuntzarako materiala izango da partaideek irakurriko duten lehen liburua. Saioetan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, eta horretarako bi modu dituzte: liburutegia@zestoa.eus helbide elektronikora idatzita edo 943-14 78 16 telefono zenbakira deituta. Izen-ematea lehenbailehen egiteko eskatu dute, lehenengo saiorako eleberria irakurtzeko astia egon dadin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide