Agiro mendi klubak eta Zestoako Udalak antolatuta, Ezkabatik (Nafarroa) Urepelera (Nafarroa Beherea) bitarteko bidearen bigarren eta hirugarren etapak egingo dituzte datorren urriaren 15ean eta 16an. Zeharkaldi horretan parte hartzen dutenek, GR-225 ibilbidearen bigarren zatia egingo dute.
Lehen etapa joan den maiatzean egin zuten, eta bigarren zein azken etapak izango dira orain egingo dituztenak. Izena ematen dutenek bi ibilbideren artean aukeratu beharko dute larunbatean: Olabetik Sorogainera (29 km) edo Saigotsetik Sorogainera (14,5 km). Igandean, berriz, Sorogainetik Urepelera joango dira (9,5 km). Zestoatik larunbatean aterako dira, 07:30ean, Gurutzetik.
Datorren ostirala, urriak 7, izango da txangoan izena emateko azken eguna, eta Txoko Txiki tabernan egongo da horretarako aukera. 65 euro ordaindu beharko da inskripzioa, eta prezio horren barruan honakoa sartzen da: garraioa, gaua, afaria zein gosaria Sorogaineko aterpetxean eta Urepelen egingo duten bazkaria.