116 lagunek eman dute izena Beñat Benantxio ibilaldi neurtuan

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 27a, 15:39

Larunbatean egingo dute ibilaldi neurtua, eta oraindik zabalik dago izena emateko epea, 'herrikrosa.eus' atarian. Oraingoz, 45 lagunek eman dute izena ibilbide motzean, eta beste 71k luzean.

Larunbat honetan, urriaren 1ean, egingo dute Beñat Arrue eta Benantxio Irureta mendizale eta lagunmin zirenen oroimena berritzeko mendi ibilaldi neurtua. 2016an eta 2018an egin bezala, Aizarnako Herri Elkarteak, Agiro mendi elkarteak eta Zestoako Udalak antolatu dute ekintza. Oraingoz, 116 lagunek eman dute izena proban –horietako 45ek ibilbide motzean eta beste 71k luzean–, baina oraindik zabalik dago izen ematea. Antolatzaileek oraindik apuntatu ez diren herritarrak animatu dituzte izena ematera.

Aurten, berrikuntza gisa, bi ibilaldi jarri dituzte aukeran antolatzaileek: aurreko bi edizioetan egindako 25 kilometroko ibilaldi luzeaz gain, 10,4 kilometroko ibilaldi motza ere prestatu dute; luzean izena eman nahi dutenek hemen dute horretarako aukera, eta motzean izena eman nahi dutenek, berriz, hemen. Larunbateko 08:30ean itxiko dute izen ematea.

Aizarnan hasi eta bukatuko dira bi ibilbideak, Komizolatza, Gazume, Iturriotz eta Altzolan barrena igaro ostean. Ibilaldi luzerako izena ematen duten mendizaleek 07:30 eta 08:00 bitartean ekin beharko diote bideari; eta 09:00 eta 09:30 bitartean, berriz, ibilaldi motzekoek.

Ibilaldi neurtuan parte hartu nahi dutenek hamabost euro ordaindu beharko dute. Era berean, hamabost euro ordaindu beharko dituzte ibilaldi neurtuaren ondoren Aizarnan egingo den bazkari herrikoian parte hartu nahi dutenek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide