GRI enpresak lana aldi baterako erregulatzeko erabakia baliogabe jo dute auzitegietan

Julene Frantzesena 2022ko irailaren 21a

ELAk azaldu duenez, enpresako zuzendaritzak kontsulta aldian "fede onez ez" duela jokatu argudiatuta eman du auzitegiak lana erregulatzeko txostenaren aurkako epaia. Abenduaren 31ra arteko iraupena zuen lana erregulatzeko txostenak, eta auzitegiaren erabakia tarteko, enpresak ezingo du hori aplikatu.

ELA sindikatuak adierazi duenez, Donostiako lan arloko 5. zenbakidun epaitegiak baliogabetzat jo du GRI enpresako zuzendaritzak lantegian lana aldi baterako erregulatzeko txostena aplikatzeko erabakia. Hain zuzen ere, abenduaren 31ra arteko iraupena zuen lana erregulatzeko txostenak, eta auzitegiaren erabakia tarteko, enpresak ezingo du hori aplikatu.

Zuzendaritzak kontsulta aldian "fede onez ez" duela jokatu argudiatuta eman du lana erregulatzeko txostenaren aurkako epaia auzitegiak, eta ELAk jakinarazi duenez, legez ezinbestekoa da fedez jokatzea aldi horretan. "Zehazki, enpresak kontsulta aldia iraupen laburrekoa izatea eragin zuen, ia Aste Santuarekin batera; gainera, ez ziren behar adina agiri aurkeztu".

GRI enpresak Zestoako Sansinenea poligonoan du lantegia, eta ELAk azaldu duenez, sindikatu horrek du ordezkari gehien Enpresa Batzordean. ELAk Zestoako GRI enpresako langileak zoriondu ditu, eta adierazi du sindikatu horren zerbitzu juridikoek defendatutako argudioak berresten dituela epaiak: "Zehazki ez zegoela lana aldi baterako erregulatzeko txostena aplikatzeko arrazoirik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide