Zestoako Sastarrain bailarako landaretza ezagutzeko bisita gidatua egin zuten igandean hainbat lagunek, Ekainberri Fundazioak antolatuta, eta saioak izan zuen harrera ikusita, egitasmoa errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. Hori hala, bigarrenez egingo dute bisita gidatua datorren urriaren 22an, 12:00etan, Ekainberriko Sarrera Salmenta bulegotik abiatuta. Euskaraz egingo dute ibilaldia.
Joan zen igandean bezala, bisita gidatura joaten direnek Sastarrain bailara zeharkatzen duten bitartean hango landaredia ezagutuko dute. Hain zuzen ere, gaur egungo eta duela 14.000 urte Ekaingo margoak sortu zituztenek ezagutu zituzten espezieen konparaketa bat egingo dute, eta landarediak izan duen bilakaera eta gizarteak inguruko bioaniztasunean duen eragina ezagutuko dituzte.
Bisita gidatuak plaza mugatuak izango ditu, eta dagoeneko eman daiteke izena urriaren 22an egingo duten bisita gidaturako. Interesa dutenek Ekainberriko Informazio eta Erreserba bulegoarekin jarri beharko dute harremanetan bulegoan bertan (Portale kalea, 1 20740 Zestoa), 943-86 88 11 telefono zenbakira deituta edo info@ekainberri.com helbidera idatzita. Antolatzaileek adierazi dutenez, data gerturatu ahala Ekainberri harremanetan jarriko da aurre-erreserba egin dutenekin.