Bihar irekiko dute Zestoako kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea

Maialen Etxaniz 2022ko irailaren 20a

Soinketa, total trainning, luzaketa eta gap ikastaroak eskainiko dituzte Udal Kiroldegian, adin guztietako herritarrei zuzenduta. Saioak urriaren 3an hasiko dira, eta ekainaren 1ean amaituko dituzte. Ikastaroetan izena ematen dutenek, ordainketa bi zatitan egiteko aukera izango dute aurten ere.

Zestoako Udalak hainbat kirol ikastaro eskainiko ditu datorren ikasturtean ere, eta bihar irekiko dute horietan izena emateko epea. Hain zuzen, soinke, total trainning, luzaketak eta gap ikastaroak eskainiko dituzte Zestoako Udal Kiroldegian, eta adin tarte guztietako herritarrei egokitutako eskaintza osatu dute. 

Zestoako Udalak jakinarazi duenez, zortzi hilabetekoak izango dira ikastaroak, urritik maiatzera bitartekoak, hain zuzen. Saioak goizez zein arratsaldez eskainiko dituzte, astean behin edo bitan. Udalak azpimarratu du ikastaroetarako taldea sortzeko gutxieneko izen-emate kopurua bete beharko dela, eta hori betetzen ez bada, kiroldegiak erabakiko du zer egin. Hori dela eta, ikastaroaren ordainketa taldea sortu dela ziurtatzen denean egingo du udalak.

Ikastaroak eta prezioak

Udalak jakinarazi duenez, Zestoako Udal Kiroldegiko bazkide direnek eta ez direnek tarifa desberdinak ordainduko dituzte: "Ikastaroak dirauen bitartean bazkide egoera aldatzen bada alta edo baja tarteko, tarifak era proportzionalean aplikatuko dira, egoera aldatu den unetik hasita. Bestalde, ordainketa bi zatitan egiteko aukera izango da, %50 hasieran eta beste %50 abenduan. Aukera honetaz baliatzeko derrigorrezkoa izango da kontu korrontea helbideratzea". 

Izen-ematea

Ikastaroetan izena eman nahi dutenek kiroldegian bertan egin beharko dute izen-ematea, astelehenetik ostiralera 08:30etik 21:00etara, larunbatetan 09:00etatik 13:00etara edo 16:00etatik 19:00etara. Taldeak sortu diren edo ez irailaren 28tik 30era bitartean jakinaraziko du udalak.

Kirol Sailak adierazi du iazko ikasturtean mantentze gimnastikan izena emanda zeuden herritarrek ez dutela berriro izena eman beharrik izango datorren abendura arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide