Arroagoiko saneamendu sarea hobetzeko lanak martxan jarri ditu Zestoako Udalak

Mailo Oiarzabal 2022ko irailaren 16a

Egungo sarearen akatsek ur zikinekin sortutako "arazoak konpondu" nahi dituzte lanekin. Abuztuko azken astean hasi zituzten ur zikinentzako hodi berria Iraetako ur zikinen estaziora bideratzeko lanak, eta obrak urriaren bigarren hamabostaldirako bukatzea aurreikusi dute.

Arroagoiko saneamendu sarearen gabeziak eta horien ondorioz ur zikinekin sortzen diren arazoak konpontzeko lanak martxan direla jakinarazi du gaur Zestoako Udalak. Egungo sarearen akatsek ur zikinekin sortutako "arazoak konpondu" nahi dituzte lanekin.

Arroagoiko saneamendu sare unitarioa zaharkituta dagoela eta "hainbat arazo" eragiten dituela azaldu du udalak: "Alde batetik, sareak hainbat haustura ditu auzoaren hego-ekialdean dagoen ubidearen eremuan, egungo hormigoizko kolektorea erreka horrekiko paraleloan doan zatian. Hausturen ondorioz, azken urteetan Arroagoiko auzoko ur zikinak isuri dira errekara, eta isurketak bereziki nabarmenak izan dira udan. Bestalde, egungo kolektoreak, bere antzinatasuna dela eta, ez du Iraetako hondakin uren ponpaketa estaziorainoko jarraitutasuna bermatuko duen trazadurarik".

Arazo horik konpontzeko, LBR ingenieritzak landutako exekuzio proiektua jarri zuen martxan Zestoako Udalak, Arroagoiko ur zikinentzako hodi berria exekutatzeko. Erakundeak zehaztu duenez, diseinatutako trazadura berriak 774 metroko luzera eta hamazazpi erregistro putzu berri ditu.

Abuztuko azken astean hasi zituzten hodi berria Iraetako ur zikinen estaziora bideratzeko lanak, eta obrak urriaren bigarren hamabostaldirako bukatzea aurreikusi dute. 193.553 euroko aurrekontuarekin esleitu ditu obrak udalak, eta Eregi Herrilan Eta Zerbitzuak SL enpresa ari da lanak egiten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide