Iragarri dituzte Zestoako V. Gure Bazterrak Fest jaialdian arituko diren musika taldeak. Hain zuzen, J Martina, Merina Gris, Grises eta Neomak taldeak igoko dira oholtzara azaroaren 5ean Zestoan ospatuko duten jaialdian. Musikari gaztez osatutako taldeak dira gehienak, eta erritmo biziz jantzitako doinuak eskainiko dituzte. Oraindik ez dute jakinarazi zein ordutan hasiko diren kontzertuak.
Jaialdiaren antolatzaileek adierazi dutenez, "genero irizpideak eta berdintasuna" hartu dituzte kontuan egitasmoa antolatzerakoan. Era berean, adierazi dute, emakumeen ikusgarritasuna aldarrikatu nahi dutela jaialdiaren bosgarren edizioan: "Ezinbestekotzat jo dugu talde guztietan emakume batek gutxienez parte hartzea. Musika jaialdi honen ahalik eta alderdi gehienetan emakumeen ikusgarritasuna aldarrikatuko dugu, agertoki gainetik hasi eta antolakuntzaraino".
Dagoeneko eskuragarri jarri dituzte azaroaren 5eko musika jaialdirako sarrerak. Txartelak entradium.com atarian eros daitezke, hamabost euroan.