Amaitu berri diren Ama Borjin festen inguruko balorazioa egiteko bilera irekia deitu du Zestoako Festa Batzordeak datorren asteazkenerako, hilaren 21erako. Alonderoko aretoan egingo dute bilkura, 19:00etan hasita.
Bertan, festetako ekintza nagusienen errepasoa egin ez ezik, hizpide izango dituzte parte-hartzaile kopurua, antolatzeko modua eta festa egunetan izandako giroa. Horrez gain, hobetu beharreko ekitaldien inguruko hausnarketa egingo dute. Festa Batzordearen funtzionamendua ere aztertuko dute, eta jaien balantze ekonomikoaren berri emango dute. Udaleko Kultura Sailak "bileran parte hartzeko ahalegin berezia" egiteko eskatu du, "datorren urtean kontuan hartu beharreko gauzak identifikatzeko baliagarri izango delako".