Sastarrain bailarako landaretza ezagutzeko doako bisita gidatua egingo dute igandean Zestoan

Mailo Oiarzabal 2022ko irailaren 14a

Ekainberrik antolatu du, Ice Age Europe eguna ospatzeko. Ekainberriren Portale kaleko arreta eta sarrera salmentako bulegotik abiatuko dute oinezko ibilaldia 12:00etan, eta Ekainberrin bukatuko dute ordu eta erdiko txangoa. Aurrez tokia gordetzeko aukera dago.

Ekainberri Fundazioak Zestoako Sastarrain bailarako landaretza ezagutzeko bisita gidatua antolatu du igande honetarako, irailaren 18rako. Ekintza horrekin, Ice Age Europe eguna ospatuko dute. "Izoztaroarekin harremana duten Europako hamahiru ondare lekuk osatzen dute Ice Age Europe sarea. Ekainberri hasieratik bertako kide da eta urtero jarduera bereziren bat antolatzen dute sareko kideek", azaldu dute Ekainberrikoek.

"Gida baten laguntzaz, oinez murgilduko gara bailaran barrena eta bidean aurkitzen den landaredia ezagutuko dugu, eta duela 14.000 urte Ekaingo margoak margotu zituztenek ezagutu zituzten landareekin konparatu", diote antolatzaileek; Ekainberri kokatuta dagoen Sastarraingo bailara babestutako gunea denez, "oraindik Historiaurreko landaredia ere topatu dezakegu bertan", gehitu dute. Gainera, "bisitan parte hartzen dutenek aukera izango dute Ekain kobara euren kabuz gerturatzeko edo, aurrez erreserbarik egin badute, Ekainberri bisitatzeko", nabarmendu dute ekintzaren sustatzaileek.

Igandean, Ekainberriren Portale kaleko arreta eta sarrera salmentako bulegotik abiatuko dute oinezko ibilaldia 12:00etan, eta Ekainberrin bukatuko dute ordu eta erdiko txangoa. Bisita gidatua doakoa da, baina aurrez tokia gordetzeko aukera dute bisitariek; horretarako, 943-86 88 11 telefonora deitu edo info@ekainberri.com helbide elektronikora idatzi behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide