"Aukeraren" aurrean, zuhur

Ane Olaizola 2022ko irailaren 14a

Urola Erdian eraiki nahi duten parke eolikoaren inguruan, udalek herritarrei "gardentasuna" agindu diete. Herri batzarrak deituko dituzte plana xehetzeko.

Statkraft enpresa hidroelektrikoak Urola Erdian zentral eolikoa egitekoa asmoa duela publiko egin eta biharamunean, hainbat erreakzio eragin ditu berriak. Enpresak atzo jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzari Gipuzkoan 2027rako bi parke eoliko martxan jartzeko asmoa duela —2026rako eraiki nahi ditu—, horietako bat Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean. Hiru herrietako udalek jakinarazi dute aurrez konpainiaren asmoen berri bazutela, eta planaz galdetuta, adierazi dute energia demokratizatzeko bidean "aukera" izan daitekeela, baina zuhur agertu dira.

Azpeitiko Udalak Norvegiako enpresarekin "lehen hartu-emana izan" duela eta Statkraften asmoen "jakitun" dela baieztatu zuen Nagore Alkorta alkateak. "Udaletan proiektuaren inguruko eskaera ofizialki aurkezten dutenean aktibatuko dugu dagokion prozedura administratiboa, eta herritarrei gardentasunez azalduko dizkiegu horren inguruko urratsak", adierazi zuen Alkortak albistea publiko egin berritan. Gaur hedabideen aurrean hitz egin du hark, eta jakinarazi du egun batzuk barru batzar irekia deituko duela udalak, herritarrei gaiaz "informazio osoa" emateko. Hain zuzen ere, batzar horretara enpresa sustatzailea den Statkraft gonbidatu dute, hark "xehetasun gehiago" eman ditzan.

Egitasmoaren inguruan, bi "elementu berritzaile" daudela azpimarratu du Alkortak: "Batetik, enpresa sustatzailea Norvegiako enpresa publikoa da, eta bestetik, energiaren munduan aurreneko aldiz hitz egiten da haren sozializazioaz eta demokratizazioaz, eta nola ez, lankidetzaz". Hain zuzen ere, enpresak herenegun azaldu zuen planaren hiru ardatzak direla "energiaren sozializazioa", "euskal industriarako zero kilometroko hornidura elektrikoa" eta "publiko-pribatuaren artean lankidetza". Alkatearen hitzetan, Statkraftek aurkeztutako proiektuak "bidea irekita" uzten du herritarrek, enpresek zein erakunde publikoek "parte hartzeko". Ildo horretan, "aukera bat bezala" du udalak plana.

Hausnarketarako premia

Alkortak eta Zestoako alkate Mikel Arregik jakinarazi dutenez, uztailean egin zuten enpresarekin aurreneko «hartu-emana», Azpeitian. "Proiektuaren nondik norako batzuk bagenekien, baina halako proiektu batek eskatzen duen informazio guztia ez daukagu", esan du Arregik. Alkatearen esanetan, Zestoako Udalak ere oraindik ez du jakinarazpenik jaso, eta beraz, parke eolikoaren gaineko informazioa "tamainan" daukate.

Statkraften kapitala publikoa izanik, proiektua "aukeratzat" har daitekeela uste du hark ere: "Aukera bat egon daiteke parke horretan ekoiztutako energia zuzenean udalek edo horien inguruko sortutako komunitateek kudeatzeko". Zestoako Udalak energiaren "demokratizazioa" defendatuko duela azpimarratu du Arregik, baina ohartarazi du "gauzak edozein modutara" ezin direla egin: "Egun esku artean ditugun elementuekin, ezin dugu esan proiektuaren alde gaudenik, ezta aurka ere".

Erabakia "behar bezala" hartzeko "hausnarketa orokorra" egitea ezinbestekotzat jo du udalak. Hain zuzen ere, "informazio zehatzagoa jasotzeari" ekingo dio erakundeak, eta Azpeitian bezala, batzar irekia egingo dute hango herritarrek ere. "Informazioa bildu ahala, herritarren esku jarri nahi dugu". Zestoako Udalak ere herritarrekin "gardentasunez" jokatuko duela agindu du.

Errezilgo Udala ere ez du ezustean harrapatu berriak, enpresak "zuzenean" harengana jo ez badu ere, hango alkate Xebero Agirretxek adierazi duenez. Proiektuaren inguruan galdetuta, berriz, ­Alkortak egindako adierazpenekin bat egiten duela azaldu du hango alkateak.

Bilera, proiektuaren aurka

Statkraft enpresak eta Jaurlaritzak herenegun egin zuten publiko Norvegiako konpainiak Gipuzkoan bi parke eoliko eraiki nahi dituela, bata Urola Erdian eta bestea Eskoriatza eta Aramaio artean. Urola Erdiari eragiten dion Piaspe proiektuaren xehetasun askorik ez dute eman oraingoz; 33 MWeko potentzia izango lukeela, urtean 84,7 gigawatt-ordu ekoitziko lituzkeela eta 24.000 etxebizitza hornitu. Lekuari dagokionez, enpresak parkea Sañu, Arauntza eta Etumeta inguruan egiteko asmoa duela jakin du hedabide honek, erakundeek baieztatu ez badute ere. Zentzu horretan, Azpeitiko alkateak adierazi du tramitazio administratiboa egin behar dela kokalekua zehazteko, eta hori oraindik ez dela martxan jarri. Enpresak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean egin beharko du tramitazio administratiboa.

Bien bitartean, Azpeitiko herritar talde batek batzar irekia deitu du Zentral eolikorik ez! lelopean. Datorren asteazkenean izango da batzarra, 21:00etan, Sindikatu Zaharrean. Gaian interesa duen herritar orok izango du batzarrera joateko aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide