Statkraft enpresa hidroelektrikoak Gipuzkoan bi zentral eoliko jartzeko asmoa duela jakinarazi die gaur, asteartea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariari eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari. Horietako bat Urola Erdian gauzatu nahi du Norvegiako nazioarteko enpresak; Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan, hain zuzen ere. Bestea Eskoriatza (Gipuzkoa) eta Aramaio (Araba) artean egiteko asmoa du.
Statkrafteko ordezkariek azaldu diote Gipuzkoan eraiki nahi duen parke eoliko banatan 90 milioi euro inbertitzeko asmoa duela, eta bere helburua dela biak 2027rako indarrean egotea. Azpeitiari, Zestoari eta Errezili eragingo liokeen parke eolikoari Piaspe izena jarri diote, eta ordezkariek azaldu dutenez, guztira 33 MW-eko potentzia izango luke. Era berean, 24.000 etxebizitza hornitzeko ahalmena izango luke. Eskoriatza eta Aramaio artean gauzatu nahi duten zentral eolikoa —Itsaraz—, berriz, handiagoa litzateke: izan ere, 52,8 MW-eko potentzia izango luke, eta 44.000 etxebizitza baino gehiago hornituko lituzke.
Enpresako ordezkariek proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkiete gaur Lehendakaritzan Urkulluri zein Tapiari, eta horien arabera, honako hiru oinarri hauek ardatz izanda gauzatu nahi dute plana: energiaren sozializazioa, euskal industriarako kilometro zerodun hornidura elektrikoa eta publiko-pribatuaren artean lankidetza.
Enpresak ohar bidez adierazi duenez, konpainiak dagoeneko eman die proiektuaren berri udal batzuei, tartean, Azpeitikoari.
Oletan, Capital Energyk
Azpeitikoa, Zestoakoa eta Errezilgoa ez da nazioarteko enpresa hidroelektrikoek Urola Erdian begiz jota duten proiektu eoliko bakarra. Izan ere, Capital Energy enpresa multinazionala lau aerosorgailu jartzekoa da Oleta mendian, horietatik bi Azkoitiko udalerriari dagokion eremuan, eta bana Zumarragan nahiz Ezkio-Itsason (Gipuzkoa), Buruzai proiektuaren barruan. Han eraiki nahi dituzten aerosorgailu bakoitzak, guztira, 200 metroko altuera eta 4,5 MWeko potentzia izango du, eta 2024rako martxan jarri nahi dute. Azkoitiko Udalak oraindik ez du proiektuaren gainean duen ikuspuntua publikoki adierazi, baina bai hainbat herritarrek; proiektuaren aurkako sinadura bilketa hasi zuen Oletan Ere Ez taldeak duela hilabete batzuk, eta 1.000 herritar pasatxoren babesa jaso dute.