Herenegun bukatu ziren Zestoan Ama Birjina jaiak eta, haiekin, udan zehar azken bi urteetan ez bezala ospatu ahal izan dituzten herriguneko zein auzoetako festen errenkada luzea. Zestoako jai nagusiak amaitu berritan, horien zein auzoetan berreskuratu ahal izan dituzten ospakizunen balantzea egin du Mikel Arregi alkateak ohar bidez. "Egin beharreko balorazioa ezbairik gabe oso baikorra" da, dio Zestoako alkateak.
"Herriko jai nagusiak amaitu eta gero egin beharreko balorazioa ezbairik gabe oso baikorra da" Arregirentzat. Jai egitarauan prestatutako ekitaldi gehientsuenak "oso jendetsuak" izan direla-eta gustura azaldu da. Amaitu berri diren amabirjinak ez ezik, udan zehar auzoetan egin diren jaiak ere –Arroabekoak, Arroagoikoak, San Lorentekoak eta Aizarnakoak aipatuta– "arrakasta handikoak" izan direla adierazi du alkateak: "Jai giro sanoa izan da nagusi eta herritarren parte hartzea ere handia izan da".
Udan zehar "beste hainbat herritako jaietan izan diren gertakari tamalgarriren berririk ez" dutela izan eta "tratu ona eta poza nagusi" izan direla ere nabarmendu nahi izan du Arregik, "eragile ezberdinekin izandako elkarlanari esker, antzeko kasuren bat gertatuz gero era koordinatuan neurriak hartzeko prestatuta" zeudela gogoratuta. Era berean, "aurreko urteetako joera kontuan hartuta", jaien balantzea egiterakoan "aipagarria" iruditu zaio alkateari amabirjinetan "ondare publikoak kalterik jasan ez izana". Baina oro har oso ona den balantzearen barruan kontu ez hain baikor bat ere aipatu nahi izan du Arregik. "Larrialdi klimatikoaren kezka gero eta nabarmenagoa den garaiotan, jaietan sortzen dugun zabor pilak zer pentsatua eman beharko ligukeela" uste du alkateak.
"Festak posible egin dituzten eragile eta boluntario guztiei eskerrak" eman dizkie alkateak udalaren izenean. Eta "bereziki" eskertu nahi izan du "jai nagusietako suziria botatzeko ohorea" izan duen Itxaropena dantza taldea, "hain gureak ditugun euskal dantzak gure herrian bizirik mantentzeagatik".