Beñat Benantxio ibilaldi neurtua urriaren 1ean itzuliko da Aizarnara

Mailo Oiarzabal 2022ko irailaren 12a

Bi mendizaleen oroimeneko ekitaldian ibilaldi motza eta luzea aukeran jarri dituzte aurten antolatzaileek. Internetez eman ahalko da bietarako izena. Mendi ibilaldia borobiltzeko, bazkari herrikoia egingo dute aurten ere Aizarnan.

Beñat Arrue eta Benantxio Irureta mendizale eta lagunmin zirenen oroimena berritzeko mendi ibilaldi neurtua bueltan da. 2016an eta 2018an egin bezala, Beñat-Benantxio ibilaldi neurtua antolatu dute Aizarnako Herri Elkarteak, Agiro mendi elkarteak eta Zestoako Udalak.

Urriaren 1ean egingo dute hirugarren edizioa Aizarnan, eta berrikuntzekin dator, gainera, bi mendizaleen omenezko hitzordua. Izan ere, aurten bi ibilaldi jarri dituzte aukeran antolatzaileek parte hartu nahi duten mendizaleentzat: aurreko bi edizioetan egindako 25 kilometroko ibilaldi luzeaz gain, 10,4 kilometroko ibilaldi motza ere prestatu dute. Aizarnan hasi eta bukatuko dira bi ibilbideak, Komizolatza, Gazume, Iturriotz eta Altzolan barrena igaro ostean. Ibilaldi luzerako izena ematen duten mendizaleek 07:30 eta 08:00 bitartean ekin beharko diote bideari; eta 09:00 eta 09:30 bitartean, berriz, ibilaldi luzekoek.

Luzean zein laburrean, Herrikrosa.eus webgunean izango da izena emateko aukera, 15 euroren truke. 15 euro ordaindu beharko dituzte, era berean, mendi ibilaldi neurtuaren ondoren Aizarnan egingo den bazkari herrikoian parte hartu nahi dutenek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide