Gaizka Etxanizek eta haren txakur Lasterrek irabazi dute gaur, igandea, Zestoako Zubillaga zelaian jokatu duten XXIII. Artzai Txakurren Arraza Libreko Gipuzkoako Txapelketa. Are gehiago, iaz txapelketa irabazi zuen Ira txakurrarekin txapeldunorde izan da Etxaniz. Zestoa amabirjin jaietako azken egunetan murgilduta dago, eta hori aitzakia hartuta jokatu dute txapelketa herrian.
Zortzi artzainek eta bederatzi txakurrek parte hartu dute aurtengoan txapelketan; izan ere, Gaizka Etxaniz azkoitiarrak, 2021. urteko Gipuzkoako txapeldunak, Ira iazko txakur irabazlearekin eta Laster txakurrarekin parte hartu du; Javier Gastañagak antzuolarrak Cool txakurrarekin; Asier Dacosta aretxabaletarrak Zeru txakurrarekin; Xabier Gastañagak antzuolarrak Sandy txakurrarekin; Mikel Aizpurua oiartzuarrak Argi txakurrarekin; Peio Segurola matxinbentarrak Lur txakurrarekin; Inaxio Etxeberria azpeitiarrak Mis txakurrarekin; eta Manuel Gorriti aizarnazabaldarrak Turbo txakurrarekin.
Lehen proba osatu ondoren, bederatzi txakur horietatik sei igaro dira bigarren probara: Gaizka Etxanizen biak, Javier Gastañagaren Cool, Asier Dacostaren Zeru, Mikel Aizpuruaren Argi eta Inaxio Etxeberriaren Mis. Lanak ondoen Etxanizen Laster txakurrak egin ditu M. Garate eta B. Bengoetxea epaileen iritziz, eta beraz, hura eta Gaizka Etxaniz artzaina izendatu dituzte 2022. urteko Gipuzkoako txapeldun. Eguraldi beroa egin arren, jarratzaile dezente gerturatu da artzainen eta beraien txakurren lanak gertutik jarraitzera.
Lehen bost sailkatuen txakurrak –Gaizka Etxaniz, Mikel Aizpurua eta Javier Gastañaga– Artzai Txakurren Arraza Libreko Euskadiko Txapelketa jokatzeko sailkatu dira. Bizkaiko txapelketan sailkatutako artzainekin batera urriaren 8an, 11:30ean hasita, Zornotzan (Bizkaia) jokatuko dute txapelketa.
Hona hemen sailkapena:
- Gaizka Etxaniz (Azkoitia)-Laster txakurra: 294 puntu
- Gaizka Etxaniz (Azkoitia)-Ira txakurra: 286 puntu
- Mikel Aizpurua (Oiartzun)-Argi txakurra: 282 puntu
- Javier Gastañaga (Antzuola)-Cool txakurra: 281 puntu
- Inaxio Etxeberria (Azpeitia)-Mis txakurra: 272 puntu
- Asier Dacosta (Aretxabaleta)-Zeru txakurra: 262 puntu