Zahagi dantzarekin eta azken dantzaurrearekin agurtu dituzte amabirjinak Zestoan

Anartz Izagirre 2022ko irailaren 11

Itxaropena dantza taldekoek jaietako hirugarren eta azken dantzaurrea egin dute amabirjinak agurtzeko, eta hainbat herritar izan dira ekitaldia ikusten.

Amaitu dira jaiak Zestoan. Gaur, igandea, Umeen Eguna izan da herriko kaleetan zehar, eta goizean goizetik hasita erruz gozatu dute herriko haurrek, gazteek zein helduek, eguraldi bikainak lagundutako egunaz. Haurren txupinazoarekin hasi dute eguna Zestoan, eta arratsaldean Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa izan da ekitaldi garrantzitsuenetako bat. Ondoren, berriz, apar festa egin dute frontoi zaharrean, eta festei behar bezalako amaiera emateko, dantza izan da zestoarren gozamenerako.

Itxaropena dantza taldeak 2017. urtean berreskuratu zuen jaietako ohiko zahagi dantza, eta aurten ere herritarrek gozatu ahal izan dute ikuskizun horretaz. Gainera, aurten dantzaurrea berreskuratu dute Itxaropenakoek, tradizio handiko dantza bat. Herritarrek ez dute hutsik egin jaietako azken ekitaldira, eta zestoarren txalo artean itxi dute Itxaropenako kideek amabirjinen aurtengo egitaraua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide