Umeak protagonista, Zestoako amabirjinetako azken egunean

Andoni Elduaien 2022ko irailaren 11

Jaien azken eguneko eguerdian dantza, musika eta zezenak izan dira protagonistak Zestoan. Herriko jaiak azken orduetan murgilduta daude, baina oraindik bada zer gozatua han. Familien arteko bazkaria, skate tailerra zein ikuskizuna, artzain txakur txapelketa, apar festa eta zahagi dantzarien dantzaurrea izango dira arratsaldean Zestoan.

Gaur, irailak 11, Zestoako amabirjinen azken eguna ari dira ospatzen zestoarrak. Azken eguneko eguerdian, zuriz eta gorriz jantzitako haurrak eta gaztetxoak izan dira protagonista nagusiak. Izan ere, 12:00etan txupinazoa bota dute zenbait gaztetxok udaletxeko balkoitik. Ondoren, protagonista horiek guztiek dantzaurrea eskaini dute plazan bertan, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.

Hura amaitu bezain laster hasi dira Ustekabe txarangako kideak herriko kaleak girotzen, eta buruhandiak ere irten dira kalera herriko txikienei korrika eragitera. Zezen bolaztatuak eta poniak atera dituzte 13:00etan plazara, eta ordura arte kalerik kale aritu dira musikariak. Gero, plazan eskaini dituzte zenbait abesti ezagun. Jendetza batu da plazan zezenak eta poniak ikustera.

Amabirjinen azken orduak

Herriko jaiak amaitzeko ordu gutxi geratzen dira, baina aurrez hamaika ekintza izango da herrian. 14:30ean, esaterako, ume, gaztetxo eta familientzako bazkaria egingo dute, eta ondoren, skate tailerra eta skate ikuskizuna frontoian. 17:30ean, bestalde, Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa jokatu dute Zubiaurreko zelaian. Zortzi artzain eta bederatzi txakur arituko dira han; izan ere, Gaizka Etxaniz iazko txapelduna bi txakurrekin ahaleginduko da iazko balentria errepikatzen.

19:00etan, berriz, apar festa egingo dute frontoi zaharrean, eta ondoren, Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalerik kale eskainiko dute
Itxaropena dantza taldeko dantzariek, Zestoakoko trikitixa taldeak lagunduta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide