Zestoako amabirjinek aurrera jarraitzen dute, eta eguerdiko paella txapelketaren ostean, herri bazkariaren momentua heldu da. Plaza bete mahai jarri dute beste urte batez otordurako, eta giro ederrean bazkaldu dute Zestoako kuadrillek, eguzkitan nahiz gerizpean. Paella txapelketa irabazi duen taldearen izena ere eman dute bazkarian; aurten, Pello eta bere kuadrilla deituriko taldea izan da epaimahaiaren iritziz paellarik onena prestatu duen taldea, eta garaikurra jaso dute plazan.
Otordua amaitu eta handik laster kuadrillen arteko jolasei ekin diete gazteek, eta harmailetan giro ederra sortu da jolasetan parte hartu duten zazpi kuadrillen lehia ikusteko. Hainbat jolas egin dituzte plazan, eta ikusleen arreta bereganatu dute partaideek. DJ Davilaren emanaldiarekin jarraituko du festak Zestoan.