Giro ederra eta usain gozoa nagusi, Zestoako Kuadrilla Egunean

Anartz Izagirre 2022ko irailaren 10a

Festen azken txanpan sartu dira zestoarrak, eta gaur Kuadrilla Eguna ari dira ospatzen. Eguerdian paella txapelketa hasi da, eta askotariko paellak egin dituzte parte hartu duten kuadrillek. Orain, herri bazkaria egingo dute plazan.

Eguraldi bikaina eta bero sapa lagun, Kuadrilla Eguna ari dira ospatzen Zestoan. Amabirjinak azken txanpan sartu dira dagoeneko, baina asteburu osoan zehar hainbat ekitaldi izango dira festei behar bezalako amaiera emateko. Gaur, larunbata, zirku-tailerrarekin hasi dute eguna Zestoan, eta, ondoren, paella txapelketa izan da herriko kaleetan. Parte-hartzaileetako gehienak udaletxe azpiko arkupeetan egon dira paellak prestatzen, baina izan dira zeregin horretarako herriko beste hainbat txoko hautatu dituzten kuadrillak ere. Gainera, era, kolore eta zapore desberdinetako paellak egin dituzte gaurkoan; lehiakide batzuek ohiko osagaiak erabili dituzte otordua prestatzeko, eta beste batzuk, ausartagoak izan dira osagai horiek aukeratzerako orduan. 14:30 inguruan igaroko da epaimahaia paella horiek guztiak dastatzera.

Ondoren, ohi bezala, herri bazkaria egingo dute kuadrillek plazan, eta dagoeneko prest daude otordurako mahaiak eta platerak. Jaia, ordea, ez da hor amaituko; izan ere, arratsaldean kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte, eta DJ Davilaren emanaldia ere izango da.

Hona hemen gaurko egitaraua:

Irailak 10, larunbata

14:30. Paella lehiaketako epaimahaia igaroko da.
Ondoren, herri bazkaria plazan.
17:00. Kuadrillen arteko jolasak plazan, Ustekabe txarangak alaituta.
19:00. DJ Davila, kalez kale.
23:00. DJ Davila, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide