Festan murgilduta jarraitzen dute Zestoan. Atzo, ostiralarekin, ospatu zuten zestoarrek Amabirjin Egunaren biharamuna, eta goizean goizetik hasita, dantza, txakolina eta musika izan ziren protagonista nagusiak.
Egunari hasiera emateko, dantzaz girotutako ekitaldia egin zuten Amaiurko setioaren 500 garren urteurrenaren harira. Izan ere, aurten 500 urte bete dira Amaiurko gazteluko setioa gertatu zenetik, eta Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Zestoan ere gertaera hura oroitzeko ekitaldia egin zuten. Erdi kalean kalejira egin ondoren, Laranjadi plazan elkartu ziren parte hartzaile guztiak, eta duela bost mendeko pasarte hura gogoratu zuten. Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariek itxi zuten ekitaldia, eta haiek kalerik kale aritu ziren bertsotan.
Eguerdian jan-edana izan zen nagusi Laranjadi plazan. Bertan, txakolin dastaketa egin zuten, eta jende ugari bertaratu zen edariak dastatzera.
Arratsaldean, jendez lepo bete zen kale nagusia bigarren zekorketaren atarian. Urteroko ohiturei jarraituz, Amparito Roca pasodoblearen doinuekin lehertu zen festa.
Ordu berean musika izan zen protagonista geltoki zaharreko inguruetan. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, Odei Barrosoren eta Bassagainen doinuez gozatu zuten bertaratutako lagunek.
Arratsaldea borobiltzeko, 20:00etan hasita, Ibili munduan emanaldia eskaini zuten Aitor Furundarenak, Angel Unzuk, Iñaki Telleriak eta Garikoitz Mendizabalek Laranjadin. Atzokoak eginda, gaur jarraituko dute festan, kuadrilla egunarekin.