Jendetsua ari da izaten Ama Birjin egunaren biharamuna Zestoan. Amaiurko setioaren 500. urteurren ekitaldia egin dute goizean goiz Laranjadi plazan, eta, ondoren, txakolina dastatzeko aukera izan dute herritarrek leku berean. Adin guztietako txakolinzaleak bildu dira bertan, eta haientzat propio jarritako postuetan askotariko txakolinak probatzeko aukera izan dute herritarrek. Horrez gain, mokadutxoa egiteko aukera ere izan da bertan.
Jaiak ez du etenik izango arratsaldean, eta haurrek zein gaztetxoek berriro izango dute puzgarrietan jolasteko aukera. Horrez gain, amabirjinetako bigarren zekorketa ere izango da plazan. Jose Adrian Centenera Perez toreatzailea arituko da plazan, eta Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo, Espainia) ganadutegiko zekorrak toreatuko ditu. Ondoren, berriz, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak ere izango dira.
Zekorketen une berean, bestalde, Gurea Kultura programako bi kontzertu izango dira entzungai estazio zaharrean. Hain zuzen ere, Odei Alkima eta Bassagain musikariek girotuko dute arratsaldea.
Hona hemen gaurko egitaraua:
16.30. Jolas parkea umeentzat 18:30ak arte.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
18:00. Gurea Kultura, estazio aldean.
18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: José Adrián Centenera Pérez. Ordezkoa: Juan Barranco Blas. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo). Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
20:00. Ibili munduan emanaldia, Laranjadin. Aitor Furundarena, Angel Unzu, Iñaki Telleria eta Garikoitz Mendizabal.
22:00. Pilota profesionala: Master Caixa Bank Txapelketa.
23:00. Laket taldearekin kontzertua, Laranjadin.