Amaiurko bataila izan dute gogoan, Zestoako Ama Birjin egunaren biharamunean

Ane Olaizola 2022ko irailaren 9a

Amaiurko setioaren 500. urteurrenean, gertaera hura oroitzeko ekitaldia egin dute gaur, Zestoako Laranjadi plazan, Ama Birjin festen barruan, dantza eta musika uztartuta. Ondoren, umeek puzgarriekin gozatzeko aukera izan dute kiroldegi aurrean.

Zestoan etenik gabe ari dira amabirjinak ospatzen, eta Ama Birjin egunaren biharamunean, askotariko ekintzek hartu dute herria goizetik hasita. Aurten 500 urte bete dira Amaiurko gazteluko setioa gertatu zenetik, eta Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Zestoan ere gertaera hura oroitzeko ekitaldia egin dute. Erdi kalean kalejira egin ondoren, Laranjadi plazan elkartu dira parte hartzaile guztiak, eta duela bost mendeko pasarte hura gogoratu dute kideek. Musika eta dantza izan dira protagonista, eta Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariek itxi dute ekitaldia. 

Jarraian, umeen tanda iritsi da. Izan ere, haientzako puzgarriak jarri dituzte kiroldegiaren aurrean, eta hara bertaratu diren dozenaka haurrek erruz gozatzeko parada izan dute eguerdira arte.

Eguerdian zein arratsaldean ere izango da zertaz gozatu herrian. Hona hemen gaurko egitaraua: 

13:00. Txakolina dastatzea, bertsolariekin.

16.30. Jolas parkea umeentzat 18:30ak arte.

17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.

18:00. Gurea Kultura, estazio aldean.

18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: José Adrián Centenera Pérez. Ordezkoa: Juan Barranco Blas. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo). Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.

Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.

20:00. Ibili munduan emanaldia, Laranjadin. Aitor Furundarena, Angel Unzu, Iñaki Telleria eta Garikoitz Mendizabal.

22:00. Pilota profesionala: Master Caixa Bank Txapelketa.

23:00. Laket taldearekin kontzertua, Laranjadin.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide