Zestoako udal langileek joan zen abuztuaren 30ean jakinarazi zuten bertan behera gelditzen zela 50 egunez egin zuten greba, eta ELA sindikatuak, astebete geroago, "txalotu" egin du udal langileek egindako lanuztea. Era berean, ELAk salatu egin ditu udal erakundearen "langileen kaleratzea saihesteko borondate eza" eta "greba eskubidearen kontra egindako ekintzak".
ELAk sei puntutan xehatu ditu udalak gai horren inguruan hartu dituen erabakiak zeintzuk diren. Alde batetik, sindikatuak nabarmendu du udalak "muzin" egin diela "behin-behineko langile horien egoera prekarioari irtenbidea emateko udal langileek egin dituzten eskaerei", baita ELAk zein LABek udalari egindako proposamenei ere. Bestetik, udalak "alde bakarretik oinarri batzuk inposatu" dituela ere zehaztu du sindikatuak, eta horiek joan zen abuztuaren 19an publiko egin zituztela –GAOn argitaratu zen lanpostuen deialdia–.
Bestalde, ezarritako oinarriek grebalariak "kaleratzeko mehatxupean" jartzen dituztela ere adierazi du ELAk, "kalte ordain baten truke". Alkatearen jarreraz ere mintzatu da sindikatua, eta honakoa adierazi du: "Erabakia aldatu ordez, greban dauden langileen lanak egiten jardun da alkatea eta zinegotziren bat, eskirol modura". Horren ondorioz, grebalariek Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zutela gogorarazi du ELAk, eta "ebazpenaren zain" daudela gehitu du.
Egoera horren aurrean, ELAk "txalotu" egin du udal langileek "lanpostua defendatzeko egin duten greba", eta gehitu du "ahalegin guztia" egingo dutela "lanpostu horiei eusteko eta herritarrei zerbitzu publiko duina eta kalitatezkoa eskaintzeko". ELArentzat "ezinbestekoa" da langile publikoen "prekarizazioari eta pribatizazioari aurre" egitea: "Zoritxarrez, badirudi Zestoako Udala ez datorrela bat irizpide guzti horiekin".
Zestoako langileak, "egungo egoeraren isla"
ELAk behin-behinekotasunaz adierazpen gehiago ere egin ditu: "Gogoratu dezagun, Euskal Herriko sektore publikoa pribatizatzeko helburua duten politika neoliberalen ondorioz, udaletako langileen artean pribatizatutakoak gehiago direla zuzenean kontratatuak baino". Esparru horietako langile gehienak emakumeak direla dio sindikatuak, eta langileak behin-behinean izatea dela "zerbitzu publikoa pribatizatzeko" aurreneko pausoa. "Hego Euskal Herriko udaletan langileen %40 baino gehiago behin-behinean daudela azpimarratu behar da (15.000tik gora)".
Zestoako udal langileen greba "egoera horren isla" izan dela nabarmendu du sindikatuak, eta egoeraren erantzuleak udal gobernuak direla: "Urteak dira behin-behinean, prekario, kontratazio iruzurrean eta sektore pribatuan onartzen ez diren kontratazio egoeran daudela. Horren guztiaren arduradun zuzenak urte hauetako guztietako udal gobernuak dira".
Behin-behineko egoeran dauden hainbat langileri "lan baldintza prekarioekin amaitzeko aukera" zabaldu zaiela ere badio ELAk, eta oposizio prozesuekin zerikusirik ez duen "salbuespen egoera bat" sortu dela: "Enpleguaren legez kanpoko egoera horri Europako epaitegiak txartel gorria atera izanak eta egin diren greba eta mobilizazio dinamikek lege berri bat onartzea ekarri dute". Lege horrek "helburu garbi eta bakar bat" duela gehitu dute, "administrazio publikoetako langileen lanpostuak kontsolidatzea eta pribatizazioari ateak ixtea". Zestoako udal langileek greba, hain justu, horren erakusle dela gehitu du sindikatuak.