Uraren Euskal Agentziak Gipuzkoako Foru Alundiari Zestoako bainuetxearen parean dauden hiru presa txiki eraisteko baimena eskatu diola jakinarazi du Eguzki erakunde ekologistak. Horren aurrean, taldeak baimenaren aldeko alegazioak aurkeztu ditu. "Planifikazio hidrologikoak behin eta berriz nabarmentzen du ibai ekosistemak biziberritzeko ez dela nahikoa isurketa kutsakorrak ezabatzea. Modu horretan, uren kalitate kimikoa eta biologikoa hobetuko da, baina ibai ekosistemak biziberrituko badira, ur erregimena aldatu eta arrain espezien mugikortasuna zailtzen edo ezinezko bihurtzen duten presak eta antzeko oztopoak ere ezabatu egin behar dira", azaldu du erakunde ekologistak ohar bidez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako kalkuluen arabera, egun presa horien antzeko 750 gune daude Gipuzkoako ibaietan; horietako %75ek, ordea, gaur egun ez dute erabilerarik Eguzkiren esanetan. Izan ere, Gipuzkoako Ibai Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidariak horietako 228 gunetan jardutea aurreikusten du 2035. urtera bitartean. Eguzkiren arabera, horietatik guztietatik 39 gune Urolaren arroan daude: 22 Urolan bertan, bederatzi Errezilen, lau Granadaerrekan, hiru Ibaiederren eta bat Otaolan.
Ibaietako oztopoak iragazkortzeko planak aitortzen duenez, Urolarena da "irisgarritasun edo konektibitate txarrena" duen Gipuzkoako arroa. Izan ere, Zumaiako bokaletik 11 kilometrora, Aizarnazabalen, Rezusta zentral hidroelektrikoaren presa dago. "Arrainentzat gaindiezina da, Altuna Txikiko presa gaindiezina den bezala. Aingirek izan ezik, arrain migratzaileek ezin dute praktikan Urolan gora egin; aingirek ere oso modu mugatuan egiten dute. Horregatik, oztopo horiek iragazkor bihurtzea premiazkoa dela ondorioztatzen du planak".
Hala eta guztiz ere, Eguzkik salatu du planak Urola arroan aurreikusten dituen neurriak beste arroetan baino "apalagoak" direla. "Aipatutako oztopo nagusietako batzuek oraindik funtzio bat dute eta kontzesio batzuk indarrean daude". Dena den, Urolan hamahiru oztopo eraistea aurreikusten du planak, horien artean, Zestoako bainuetxeko hiru presa txiki. Planaren arabera, presa horiek aurten edo gehienera jota datorren urtean eraitsi beharko dituzte. Era berean, erakunde ekologistak jakinarazi du Urola arroan beste bi presa botatzeko tramiteak egiten hasi dela Aldundia. Zestoako Otaola errekako Gure Tokiko presa da bat, eta bestea, Granadaerrekako Illarragorrikoa. Urolan dauden beharrak ikusita, presa horiek eraistea "urrats txikia" dela adierazi du Eguzkik, baina "eman beharrekoa".