Plazara eta dantzara, aspaldi gozatu gabeko jaiak bizitzeko aparteko gogoz atera dira kalera gaur arratsaldean zestoar asko, Ama Birjina festen txupinazora. Herriko plazan, udaletxeko balkoiari begira, beste urte batzutan baino jende gehiago. Eta udaletxeko balkoia ere bete-bete. Itxaropena dantza taldeak bota du amabirjinetako txupinazoa, eta taldekide gehientsuenak, umeak, gazteak zein helduak, balkoira irten dira une berezirako.
"Plazan, kalean, tabernan eta etxean" dantza egitera gonbidatu dituzte herritarrak Itxaropenakoek, pandemiaren urte zailak atzean uzteko festaz eta dantzaz gozatzea baino "terapia hoberik ez" dela sinetsita. Esan eta egin, suziria bota eta udaletxean herriko bandera eta ikurrina jaso bezain pronto, Erdikalera jaitsi dira dantza taldeko kideak, eta dantzari txikienak lehen lerroan jarrita, Bandaren kalejirarekin bat egin dute, jauzi eta dantza. Musikak hartu ditu, izan ere, erdiguneko kaleak Ama Birjina bezperaren iluntzean; Bandak ez ezik, Idiakaitz txistulari taldeak ere girotu du festa, eta Pantxo Balbuenak ere bai.
Manitu taldearen kontzertuak eta Mugi Panderoaren erromeriak osatuko dute gaurko musika eskaintza, Laranjadi plazan, 22:00etatik aurrera.
Bihar, Ama Birjina eguna
Igande iluntzera arte ez da festaz gozatzeko aukerarik faltako Zestoan. Bihar, Ama Birjina eguna, honako egitaraua izango dute:
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz Txistulari Taldearen kalejira, Goizeko izarra martxaren doinuekin.
12:00. Meza Nagusia.
Ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
17:30. Gurea Kultura: Feline, The Clayton eta Toc, Estazio aldean.
18:00. Txan magoaren ikuskizuna umeentzat.
18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Alejandro Chicharro Barquerc. Ordezkoa: Jesus Ignacio Mainez Lozano. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos.
Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda, Erdikalean.
19:30. Afizionatuen pilota partidak frontoi zaharrean.
22:00. Rudeska + Nikotina + Dj Bull, Laranjadin.