Jaka-Zabaleta eta Irribarria-Albisu bikoteek pilota partida jokatuko dute etzi Zestoan

Anartz Izagirre 2022ko irailaren 7a

Masters Caixabank txapelketako partida izango da kiroldegian jokatuko dena. Horren aurretik, lagunarteko partida jokatuko dute Alberdik eta Arangurenek, Egiguren V.aren eta Rezustaren aurka. Dagoeneko eskura daitezke ekitaldirako txartelak sarean.

Amabirjinak ate joka datoz Zestoan, eta dagoeneko iragarri dute etzi, ostirala, zein pilotari arituko diren lehian kiroldegian. Masters Caixabank txapelketako kanporaketa izango da jokatuko dena, eta Jaka-Zabaleta bikoteak Irribarria-Albisu bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak, 22:00etatik aurrera. Partida horren aurretik, gainera, lagunarteko pilota partida jokatuko dute Alberdik eta Arangurenek Egiguren V.aren eta Rezustaren aurka. 

Dagoeneko eskura daitezke ekitaldirako txartelak Zestoako turismo bulegoan nahiz honako lotura honetan, 30 euroren truke. Era berean, egunean bertan ere izango da sarrerak erosteko aukera, 21:00etatik aurrera, kiroldegiko leihatilan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide