Ama Birjina jaien barruko ohituretako bat berreskuratu dute gaur Zestoan. Aurreko bi urteetan ez bezala, jubilatuei eskainitako egunean herriko adinduenei omenaldia egin diete eguerdian Laranjadi plazan. Aurten, Angeles Jimenez Espada eta Jose Luis Galdona izan dira omendu bereziak. Galdona ez da ekitaldian egon, baina bai Jimenez, eta Mikel Arregi alkatearen eskutik jaro ditu oroigarria eta lore sorta; 99 urte ditu Jimenezek eta adin handiena duen zestoarra da gaur egun.
Bi omendu bereziez gain, aurten 85, 86, 87 eta 88 urte bete edo beteko dituzten zestoar guztiek ere oroigarri bana jasoko dute, zapi bat, hain zuzen. Gaurko ekitaldian joan direnek hantxe jaso dituzte beren zapiak, zinegotzien eskutik; joan ez direnei, berriz, datozen egunetan helaraziko dizkiete zapiak.
Eguerdian parrokian egin den mezaren ondoren egin dute omenaldi ekitaldia Laranjadin. Mikel Arregi alkateak hitzartze laburra egin du han, Idiakaitz txistulari taldekoek jarri dute musika, eta Itxaropenako dantzariek aurreskua eskaini diete plazan elkartutako omenduei eta jubilatuei. Ekitaldiaren ondoren, bazkariarekin borobildu dute egun berezia herriko hainbat jubilatuk.