Greba etetean udal langileek "nahasmenera eta lokatzetara" jo dutela salatu du Zestoako Udal Gobernuak

Anartz Izagirre 2022ko irailaren 2a

Herenegun bertan behera utzi zuten lanuztea 50 egun greban egon diren Zestoako udal langileek, udala "berea eginda gelditu" dela argudiatuta. Udal Gobernuak erantzun egin die orain, eta esan dute "hasieratik" jakinarazi zutela greba horrek ez zuela "ez hanka eta ez buru".

Zestoako udal langileek 50 egunez egin duten grebak zeresana ematen jarraitzen du. Herenegun, greba etetea erabaki zuten langileek udala "berea eginda geratu" dela eta lanpostuen oinarriak "beren interesen arabera argitaratu" dituztela argudiatuta. Orain, Zestoako Udal Gobernua osatzen duten hautetsiek —Ruben Alberdi, Mikel Arregi, Marga Eizagirre, Nerea Odriozola, Aitor Salegi eta Beatriz Zubia— erantzun egin diete grebalariei, eta prentsa ohar bat kaleratu dute xehetasun guztiekin.

"Argudioen faltan eta benetako edukiaz hitz egiteko ausardiarik ez denean, nahasmenera eta lokatzetara jo ohi da", adierazi dute Udal Gobernuko kideek, eta azpimarratu dute grebalariek beren azken oharrean horixe egin dutela. Lan grebak "lan baldintzekin lotura duten gatazkekin" deitzen direla nabarmendu dute hautetsiek, eta ez enplegu publikorako oinarrien deialdiekin: "Hauetan, gatazka juridikoa izan ohi da, eta horretarako tresna nagusia inpugnazioak eta helegiteak izaten dira, eta ez grebak. Deialdi hau gutxiengo batek, ezer negoziatzen hasi aurretik eta udal langileen gehiengoari bizkar emanda egin dela kontuan hartzen bada, burugabekeria oraindik eta handiagoa izan da". Era berean, Udal Gobernuak adierazi du "hasieratik" esan izan dutela greba horrek ez zuela "ez hanka eta ez buru".

Bi aldeak negoziatzen aritu dira adostasun batera iristeko helburuz, baina Udal Gobernuak adierazi du ez dela "erraza" izan grebalariekin gauzak adostea: "Aitortu behar dugu lanpostuekiko interes pertsonal zuzena dutenekin negoziatzea ez dela batere erraza izan, bakoitzaren interes partikularrak mahaigaineratzen zirelako eta Udal Gobernua osatzen dugun ordezkariok interes partikularren gainetik publikotasuna eta udalaren interes orokorrak defendatzeko gaudelako".

Negoziazio mahaia aipatzean, Mikel Arregi alkateak azken bileretara joateari utzi ziola ere salatu zuten grebalariek beren azken oharrean, eta horri erantzunez, Udal Gobernuak helarazi du grebalariek "hainbat pankarta iraingarri jarri" eta "errespetuari dagozkion mugak gainditu" zituztelako hartu zuela alkateak erabaki hori. "Pertsonalki bere erabakia grebalariei jakinarazi eta gero, negoziazio mahaira beste zinegotzi batzuk gehitu ginen, erabakigarritasun osoz".

Ondoren, joan zen uztailaren 28an, greba komiteak negoziazio mahaia uztea erabaki zuen, eta udalak hala eskatuta, abuztuaren 4an berriro elkartu zirela jakinarazi dute Udal Gobernuko kideek. Grebalarien hiru ordezkarik parte hartu zuten bilera hartan, eta horietako bik "negoziazioa agortutzat" eman zutela diote hautetsiek: "Hirugarrenak azken saiakera egin nahi zuela eta, bi zinegotzi elkartu ginen abuztuaren 5ean harekin. Udalarentzat onartezina zen proposamena mahaigaineratu zuen, eta, gainera, gainontzeko hamaika grebalarirekin adostu gabea zela aitortu zigun hark. Hori izan da azken negoziazioen kronika tamalgarria". Hala, egun horretan "agortutzat" eman zuen negoziazioa udalak, bi aldeen "proposamenen distantzia" eta "negoziazio mahaiko parte hartzea" ikusita. Bide hori agortuta, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu zituzten oinarriak, eta grebalariei adierazi zieten hori.

Bilera guztietan, "mehatxupean"

Bi aldeek "mehatxuak eta errespetu faltak" egotzi dizkiote elkarri, eta grebalariek beren oharrean nabarmendu zuten "beste atal bat" merezi zuela gai horrek. Horren aurrean, honakoa adierazi du Udal Gobernuak: "Has daitezela, bada, kapituluak xehatzen: pankarta iraingarriak, udalarentzat lanean diharduten enpresetara grebalarien izenean telefono bidezko mehatxu deiak...". Era berean, "alkatearen autoritarismoa" aipatu izan dute udal langileek, eta hautetsiek jakinarazi dute erabaki guztiak "Udal Gobernuak bere osotasunean adostutako proposamenak" izan direla. "Pertsonalizatu eta pertsonalizatzen jarraitzeko izan duten nahi obsesibo hori erabat lekuz kanpo dago, eta ordezkari sindikalak lekuko, bilera guztietan mehatxupean egon direla esatea gezur borobila da. Eta, aldiz, espazio publikoan agertu diren irainak eta mehatxu deiak norenak izan diren udaletik kanpo ere garbi ikusi da".

Era berean, udal langileek bere oharraren amaieran zehazten dute herriko jaiak gainean izanda herritarrek ez dutela "udaleko gatazka eta kudeaketa txarraren ondorioak jasan beharrik", eta, ondorioz, greba etetea erabaki dutela. "Irailaren 1ean itzuli dira lanera, bazen garaia! Lanik gehienak amaituta daudenean, Zestoako festak ez baldintzatzeagatik itzuli direla diote. Zein izan da orduan grebaren helburua abuztuaren 5etik irailaren 1era?", diote alkateak eta zinegotziek. Gehitu dute langileek abuztuaren 5etik dakitela lanpostuen oinarriak argitaratuta zeudela GAOn eta ez zegoela atzera bueltarik. "Ordutik honakoa ulertzeko azalpen bakarra, auzoetako eta herriko jaiak baldintzatu nahia edo oporretan egon izana da, eta bide batez, diotena horrela bada, auzoetako jaiek ez ote dute begirune bera merezi?".

Bestalde, udalak jakinarazi du Zestoako Udalaren webgunean daudela lanpostu horiei dagozkien oinarriak, eta, gainera, jakitun direla LAB sindikatuak beste udal batzuetako negoziazio mahaietan erreferentzia gisa hartuko dituela Zestoako oinarriak. "Norberak atera ditzala bere ondorioak", azpimarratu dute. Erantzukizunez ere aritu dira: "Akaso, iritsiko da eguna mahai negoziatzailean zein terminotan aritu garen azaldu beharko dena, eta, orduan, norberak asumitu beharko ditu dagozkion erantzukizunak". Oharraren amaieran, mezu bat helarazi dute hautetsiek:  "Zeinen erraz aldarrikatzen diren eskubideak, eta zeinen erraz ahazten diren betebeharrak eta obligazioak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide