Etzi, larunbata, hasiko dira amabirjinak Zestoan, eta festetan egon daitezkeen eraso matxistei aurre egiteko asmoz, protokolo bat ondu du Urola Erdiko Itaiak. Atzo, asteazkena, protokoloa aurkezten izan ziren antolakundeko kideak Alonderoko aretoan, eta hainbat herritar joan ziren bertara. Indarkeria matxistaren aurkako asanbladak osatu du protokoloa, eta herritarrei laguntzeko xedez, 24 orduz martxan egongo den telefono bat ere jarri dute: 688 68 93 70. Honako egun hauetan egongo da martxan telefono zenbaki hori: irailak 3,4,7,8,9,10 eta 11. Telefono horretan erasoren bat jasan duenari nahiz erasoren baten lekuko izan denari arreta eskainiko diete.
Bestalde, bihar, irailak 2, festa eremuan egon daitezkeen eraso matxistei aurre egiteko informazioa banatuko du Zestoako Udalak Erdi Kalean, 18:00etatik aurrera.