Festa eremuan gertatzen diren eraso sexisten inguruko informazioa banatuko dute bihar Zestoan

Anartz Izagirre 2022ko irailaren 1a

18:00etatik aurrera Erdi Kalean izango dira Zestoako Udaleko kideak informazioa banatzen. "Denok aske sentitu behar dugu kalera irten eta festak gozatzeko", azaldu du erakundeak.

Zestoako amabirjinak ate joka datoz, eta festa eremuan egon daitezkeen eraso matxistei aurre egiteko xedez, bihar, irailak 2, informazioa banatzen izango da udala Erdi Kalean, 18:00etatik aurrera. "Uda honetan Euskal Herriko hainbat herritako festa zein jai giroko eremuetan gertatu diren emakumeenganako eraso berriak beldur eta kezka puntu bat ekarri dute gizartera. Gurean ere larritasuna nabari da, eta, horregatik, udalak lasaitasunera deitu nahi du. Denok aske sentitu behar dugu kalera irten eta festak gozatzeko", azaldu du erakundeak.

Era berean, udalak jakinarazi du Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo bat eta asanblada sortu dituela. "Udalak ekimen honekin bat egiten du, eta bere baitan dituen hainbat baliabide Itaiaren esku utzi ditu", azaldu dute.

Erasoren bat jasanez gero herritarrek izan ditzaketen telefono zenbakiak zeintzuk diren ere adierazi dute, eta honako hauek dira:

  • Itaia. Indarkeria matxistari aurre egiteko asanblada: 688 68 93 70
  • SATEVI (24 ordu): 900-84 01 11
  • SOS deiak (24 ordu): 112
  • Udaltzaingoa: 656 78 48 67
  • Gizarte Zerbitzuak: 943-14 71 32
  • Ertzaintza: 943-08 37 80

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide