Herriko festa nagusiak, amabirjinak, ospatuko dituzte zestoarrek datozen egunetan, eta antolatzaileek prest dute jaien egitaraua. Askotariko ekintzek hartuko dituzte herriko txokoak, eta horien artean, azken urteetan ospea hartu duen ikuskizuna izango da: Zestoako Txistulari Alardea.
Ohiko moduan, herriko adinekoei eskaintzen zaien egun berean egingo dute Zestoako Txistulari Alardea, eta beraz, antolatzaileek igandean jarri dute hitzordua, kiroldegian, 19:00etan hasita. Itxaropena dantza taldeak antolatuta, Garikoitz Mendizabalen zuzendaritzapean, Zestoako zein Euskal Herriko beste hainbat herritako txistulariak elkartuko dira emanaldian. Gainera, igandeko kontzertuak gonbidatu bereziak izango ditu, hala nola Eñaut Elorrieta eta Roberto Moso abeslariak. Biek ala biek beren jatorrizko taldeen, Ken Zazpiren eta Zaramaren, hainbat abestiren moldaketak eskainiko dituzte.
Horrez gain, Amaia Aldalurrek gidatzen duen Zumaiako San Pedro abesbatzak ez du hutsik egingo aurten ere, eta Jagoba Astiazaran txistularia, Aitor Furundarena akordeoi jotzailea eta Metal boskotea ere igoko dira plazako taula gainera. Horiek guztiek ez ezik, Zestoako Itxaropena dantza taldeak, Aizpea Aristi eta Eider Iraolak, Eider Mendizabal eta Peio Nuño dantzariek zein Zestoako talde feministako batukada taldeak ere parte hartuko dute ikuskizunean.
Kontzertu "arrakastatsua"
Zestoako Idiakaitz dantza taldeak hiru urtetik behin antolatzen du txistulari alardea, Ama Birjina festen barruan. Dantza taldeak 2004an hartu zuen horren ardura, baina Zestoako Txistulari Alardearen jatorria lehenagokoa da; 1960ko hamarkadakoa, hain zuzen ere. Izan ere, Joan Jose Goikoetxearen zuzendaritzapean bildu ziren lehenengoz txistulariak herriko plazan, kontzertu bat eskaintzeko.
Dena den, Zestoako Txistulari Alardeak 1996. urtean hartu zuen gaur egungoaren formatua, Mendizabalen ekimenez. Antolatzaileen esanetan, alardea "nortasuna" hartzen joan den heinean, handitzen joan da egitasmoa. Kontzertuak urtez urte "izugarrizko arrakasta" lortu duela gaineratu du taldeak.