Sektore publikoko behin-behinekotasuna murrizteko 20/2021 legeak hautsak harrotu ditu Zestoan, eta horren erakusle da duela 50 egun, joan zen uztailaren 13an, hainbat udal langilek greba egiteko hartu zuten erabakia. Gaur, abuztuak 31, greba eten dutela jakinarazi dute langile horiek, eta erabaki hori hartzeko arrazoiak ere mahaigaineratu dituzte. "Udala berea eginda geratu da. Oinarriak beren interesen arabera argitaratu dituzte, udaleko ordezkaritza sindikalaren, LAB eta ELA sindikatuen eta langileen oniritzirik gabe", adierazi dute prentsa oharrean.
Joan zen abenduan jarri zen martxan behin-behinekotasuna murrizteko legea, eta ordutik, udalak "behin-behineko langileekin izan duen gardentasun eza nabarmentzekoa" izan dela azpimarratu dute grebalariek. Bestalde, esan dute udalak abuztuaren 22rako argitaratu behar zituela oinarriak, eta grebalariek "hasieratik" eskatu ziotela erakundeari horiek argitaratzerakoan ELA eta LAB sindikatuen irizpideak jarraitzeko.
Alkatearen "erabaki autoritarioa"
Negoziazio mahaiaz ere hitz egin dute langileek, eta udalaren proposamenak negoziazio bilera guztietan "irizpide horietatik urrun" egon direla nabarmendu dute. "Itxurakeria hutsa izan da; horren adibide da azken proposamena abuztuaren 5ean aurkeztu eta egun berean oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bidali izana. Agian, alkatea azken bileretara ez joatearen arrazoia ote?", gehitu dute. Era berean, adierazi dute bilera horietan "mehatxuak eta errespetu faltak" izan direla langileen aurka. "Azken hiru urte hauen laburpentxo bat besterik ez da izan. Alkatearen erabaki autoritario bat gehiago", diote.
Greba dela-eta izan diren gutxieneko zerbitzuez ere mintzatu dira grebalariak argitaratu duten testuan. Grebaren lehen deialdia uztailaren 11tik abuztuaren 11ra egin zuten, eta bigarrena, abuztuaren 12tik irailaren 11ra. Udal langileek jakinarazi dutenez, bi kasu horietan gutxieneko zerbitzuak ezarri zituzten Eusko Jaurlaritzako Bigarren Lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak.
Alkateak ez dituela gutxieneko zerbitzu horiek bete salatu dute grebalariek, eta herriko zein auzoetako festetan gertatutakoak plazaratu dituzte: "Eszenatokia muntatzeko enpresa pribatu bat kontratatu zen Arroabean. Grua duen kamioia onartzen dugu, beti kontratatzen den zerbitzua delako, baina ez enpresa horretako langileek muntaketa lanak egin izana brigadako langileei laguntzeko. Arroagoiko jaietako kale garbiketa alkateak berak egin izana, Aizarnako txosnaren muntaketan parte hartu izana, brigadako kamioia hartu eta materiala batetik bestera eraman izana… Zezen plazan jarri da fokua, baina aurretik hainbat aldiz greba eskubidea zapaldu izan du". Ildo horretatik, galdera bat luzatu diote Udal Gobernuari: "Non daude langileen eskubideak? Hainbestetan aldarrikatu eta ozen eskatu izan ditugunak...".
Horregatik guztiarengatik, greba etetea erabaki dute gaur udal langileek: "Greba bati adostasun bat dagoenean ematen zaio amaiera normalean, baina jasan dugun egoera ez da izan normala. Herriko jaiak gainean ditugula ikusirik, herritarrek ez daukate udaleko gatazkaren eta kudeaketa txarraren ondorioak jasan beharrik".
Grebaren hasiera
Joan zen uztailaren 13an hasi zuten Zestoako Udaleko hainbat langilek greba, administrazio publikoko behin-behineko lanpostuen 20/2021 legearen harira, "beren lanpostuak bermatzea eskatzeko". Hurrengo egunean, uztailaren 14an, "negoziatzeko prest" zegoela jakinarazi zuen Udal Gobernuak, baina "marra gorri batzuekin". Prentsaurreko horretan, besteak beste, honakoa adierazi zuen Ruben Alberdi zinegotziak: "Gu prest gaude hitz egiteko eta adostasunera iristeko. Hori bai, lanpostu horiek ez ditugu oparituko, udalaren kalterako izango litzatekeelako".
Egun horretan egindako adierazpenen harira, grebalarien erantzuna iritsi zen laster, eta 35 pertsona inguruk elkarretaratzea egin zuten plazan, Egonkortzearen alde, kaleratzerik ez! zioen pankartaren atzean. "Oparirik ez" zutela eskatzen adierazi zuten udal langileek, eta besteak beste, esan zuten Egonkortze Legearen bitartez aukera zegoela deialdia egin duen administrazioan izandako lan esperientzia saritzeko, baina udala ez zen "prest agertu testuinguru berezi hori aprobetxatu eta hainbeste urtean egoera irregularrean egon diren langileen mesedetan oinarriak finkatzeko".
Ordutik soka luzea ekarri du gaiak, eta hainbat izan dira bi aldeek egindako adierazpenak. Joan zen uztailaren 18an ELA sindikatuaren jokaera salatu zuten Zestoako Udalak eta udaleko LABek, eta horri erantzunez, "Egonkortze Legearen aplikazio justu bat" eskatu zuten grebalariek. Egun batzuk geroago, ELAk babesa adierazi zien Zestoako udal langileei.
Kontua, ordea, ez zen hor gelditu, eta grebalariek negoziazio mahaia eta elkarrizketak utzi izanak "zur eta lur" utzi zituela esan zuen Zestoako Udalak. Aurrerago, Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zioten udal langileek Mikel Arregi alkateari, "Amabirjin jaietarako zezen plazaren harmailak muntatzeagatik eta auzoetako festetan hainbat lan gauzatzeagatik". Udal Gobernuak, ordea, grebarekiko zuen ikuspuntuari eutsi zion. Horren harira, ELAk salatu zuen Zestoako Udala "langileen eskubideak zapaltzen" ari zela, eta udalak, ELAri erantzunez, "interes sindikal soil bat interes publikoaren eta orokorraren gainetik jartzea onartezina" zela leporatu zion.